Jon LEUNDA
Aizkora

Egindako guztiagatik eskerrak emateko omenaldia egingo diote Unai Otañori

Egun oso berezia izango da gaurkoa Unai Otañorentzat. Ibarrako aizkolariak aizkolaritza uzteko erabakia hartu baitu, gerrietako arazoek behartuta. Azkeneko urtebete pasan arazo asko izan ditu. Buruak aurrera egiteko esaten bazion ere, gorputzak geratzeko agindua eman dio, eta Ibarrako aizkolariak agur esan behar izan dio aizkolaritzari.

Euskal Herriak une honetan zuen aizkolaririk onenetakoa galdu du. Orain dela gutxi Floren Nazabalek utzi du arrazoi bertsuengatik, eta orain, berriz, Unai Otañok. Ibarrako herriak, ordea, eskerrak eman nahi dizkio, eta gaur omenaldia jasoko du, 18.00etan hasita, herriko plazan. Azurmendi, Larrañaga, Arria V.a, Rekondo, Otaegi eta Mujika arituko dira aizkoran, eta harriak jasotzen, berriz, Iban Ugartemendia eta Landarbide. Jaialdi dotorea, eta maila handiko aizkolariak eta harri-jasotzaileak izango dira bertan, Unai Otañori esker ona agertzeko.

Ondoren afaria izango da Xepla elkartean, eta han ere makina bat lagun batuko da, eta aizkolaritzari buruzko konturik ez da faltako. Bertsolariak ere bertan izango dira jaialdia alaitzeko eta girotzeko asmoarekin. Aizkolaritza utzi arren, segur aski plazetan ikusle edo laguntzaile bezala jarraituko du.