Idoia Etxeberria 100 kilokoa esku batekin jasotzen ahaleginduko da
Biharko eguna ez dute aizkolariek bakarrik osatuko, harri-jasotzen ere egun handia izango baita, eta protagonista nagusia, berriz, Idoia Etxeberria izango da. Oriotarrak emakume batek ofizialki inoiz egin ez duen marka bat egin nahi du.
Etxeberria esku bakar batez arituko da lanean, eta 100 kiloko harri errektangularrarekin ahaleginduko da. Marka egiteko hiru minutu izango ditu. Helburua betetzeko jasoaldi bakar bat nahikoa izango luke, baina jasoaldi hori lortzen badu, Etxeberria ahaleginduko da gehiago ere egiten.
Idoiak dauka lehen ere bi eskuekin emakumezkoetan markarik handiena, eta bere ahaleginetan aurrera jarraitzen du. Orain esku bakar batekin saiatuko da. Ez dira neska asko harriak jasotzen aritzen direnak, eta gutxiago esku batekin ahalegintzen direnak. Jendea ilusioz dago, eta oriotarrak ez du hutsik egin nahi.
Baina Aizarnazabalgo pilotalekuan bihar 18.00etan hasiko den jaialdian ez da Idoia Etxeberriaren marka bakarrik izango, beste bi harri-jasotzaile ere marka pertsonalak egiteko asmoarekin plazaratuko baitira. Jokin Eizmendi, Aizarnazabalgo “Xiete” harri bereziarekin saiatuko da. “Xiete” harriak 190 kilo pisatzen ditu, eta kubikoaren itxura omen dauka, baina askoz ere irregularragoa eta handiagoa omen da. Zailtasun asko omen ditu harri honek, eta hori baieztatzeko ikusi besterik ez dago, zenbatek jaso duten, gutxi izan baitira. Hor tartean sartu nahi du Eizagirrek. Bost minutuko txanda bat izango du zarauztarrak. Imanol Illarramendi ere saiatuko da marka pertsonala egiten, eta 200 kiloko harri errektangularrarekin arituko da 3 minutuan.