PNV-ko surferrak
Surfaren boom famatuarekin, perfil bitxiko jendea hasi zen agertzen surflarien artean. Ordutik edozer aurki daiteke dimentsio bakarreko bilohori herdoilduen komunitatean. Zarauzko Surf Elkartean esaterako, futbolean atezain gisa jokatzen zuen mutiko bat agertu zen, elkarteko kide egin eta idazkari gisa hasi zen. Afaltzera gonbidatuz limurtu zituen elkarteko kideak eta jendaila gustura zegoen borondate oneko lagun honekin, egun eguzkitsu batean, sekulako zuloa egin zuela jakin zuten arte.
Elkartetik bota zuten milaka euroko zorra utzi zuen kide ohia eta harengatik gaizki esaka hasi ziren gupidarik gabe. Lehen irainak bota zituen surflariari jarraitu zioten gainerako guztiek, hor ere, bakoitzak bere kabuz pentsatu eta iritzi propioa izateko gaitasunik ez dutelako. Urteak pasatu dira elkarteak burua altxatu eta berriz mundu mailako txapelketa bat antolatu ahal izateko. Artean, elkartetik bota zuten laguna bozkatu eta Kirol zinegotzi egin zuten, eta orain, «gobernu aldaketari esker, berriz ere munduko txapelketa egin ahal da», diote politikaz paso egiten dutela diotenek.
Tira, Kirol zinegotziarekin ez daukat kexarik, PNVkoa da, zer espero zuen jendeak, gainerako jeltzaleengandik desberdina izatea? Gainera, hauekin hobe isilik egotea, zeren oraindik ez dute su-etenik iragarri, eta itxura guztien arabera, ezta iragarriko ere, beraz haiek besteei eskatzen dieten gauza bera exijitzea ezta amestu ere.
Jasan ezin dudana jendearen eskaskeria da. Kirol zinegotzia errespetatzera irits naiteke, edo gutxienez ulertzera, zeren PNVkoa da. Ez dut harengandik ezer onik espero, batetik daukan mundu ikuskeragatik (dirua, handikeria, ugaritasuna,...) eta bestetik dituen mugengatik, alegia, nire ustez handiegi datorkio daukan postua, baina tira, elkarteko idazkari zenean ere halaxe zen, eta garai hartan ni, bazkide bakarrik ez, juntako kide ere banintzen, beraz nik ere, gainerako bazkideek bezala, badaukat nire erantzukizun zatia.
Horregatik, jasangaitza zait bazkide askok duen jarrera eskasa, zeren idazkari jaunak doan bazkaltzera gonbidatzen zituenean ez zuten inongo erreparorik, ezta elkartea, elkarte baino, enpresa zantzuak hartzen hasi zenean ere, orduan dena zen debalde, dena zen urdin, dena zen polit eta oparo. Esku artean sekulako arazoa zutela ohartu ziren arte. Orduan, Judas gurutziltzatu behar zen, oinazetu eta odolustu.
Niretzat askoz ere okerragoak dira urteetan beste aldera begiratu ostean gaizki esaka ibili direnak, haien babesarekin egin zituenak egin zituen jelkide jauna baino. Eta orain, lau urtetan mundu txapelketarik ez egotearen errua Bildurena dela iradoki nahian datoz inoiz iritzi propiorik ere izan ez dutenak. Baina, Kirol zinegotziaren kasuan bezala, hauek ere ez naute harritzen, orain idazkari ohiari agurra ukatu arren, hauek ere PNVkoak baitira. Eskerrak leku guztietan baden gauzak ganoraz eta musu-truk egiteko prest dagoen jendea. Azken hauei esker egin ahal izango da oraingo honetan ere ganorazko txapelketa bat. Erraza da jende jator hau nor den asmatzen, gauzak gaizki ateratzen direnean aurpegia ematen duten bakarrak dira, eta noski, ez dira PNVkoak.