Jon LEUNDA
Aizkora

Zalduak eta Resanok lortu dituzte hurrengo kanporaketarako txartelak

Zortzi aizkolari aritu ziren Zegaman eta horietatik lau sailkatu ziren bigarren fasera. Saio erabakigarrienean, Beltza eta Alkizalete geratu ziren lehiatik at.

Xabier Zalduak eta Iban Resanok lortu zituzten herenegun gauean Zegamako pilotalekuan Urrezko Aizkorako Buruz Buruko hurrengo kanporaketan aritzeko txartelak. Izan ere, eurak izan ziren aurreneko norgehiagokako bi aizkolaririk onenak.

Zortzi aizkolari lehiatu ziren lehen jardunaldi honetan, eta aurreneko aldiz aritu ziren Buruz Buruko Urrezko Aizkorako Txapelketan Alvaro Garcia eta Hermenegilgo Herrero segoviarrak. Jendeak bazuen biak ikusteko gogoa, baina ez zuten ezer asko egin, bietako inork ez baitzuen lortu lehen fasea gainditzea, eta hurrengo kanporaketatik oso aparte geratu ziren. Dena dela, lehen aldia zuten, eta hori ere normaltasunaren barruan sar daiteke. Segoviakoez gain, Elorriaga II.a izan zen beste berrikuntza. Iaz Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketan plazaratu zen lehen aldiz Elorriagaren semea, eta Urrezko Aizkoran aurrenekoa izan zuen herenegun. Zumarragako gazteak ere ezin izan zuen lehen fasea gainditu, eta hurrengo kanporaketan aritzeko aukerak azkar agortu zitzaizkion.

Behin lehen fasea gaindituta, lau izan ziren bigarrengora pasatu zirenak, eta han izan ziren Zalduaz eta Resanoz gain Goizeder Beltza eta Jokin Alkizalete. Xabier Zalduak, Goizeder Beltzarekin jokatu zuen final bat, eta Iban Resanok, berriz, Jokin Alkizaleterekin jokatu behar izan zuen bigarren finala.

Bigarren fase honetan, aizkolari bakoitzak 45 ontzako bat zutik jarrita eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Xabier Zalduak ongi menderatu zuen Beltza, eta hurrengo kanporaketan aritzeko txartela eskuratu zuen aparteko arazorik gabe. Iban Resanok apur bat gehiago sufritu behar izan zuen Alkizalete gipuzkoarra mendean hartzeko, baina azkenean lortu zuen, eta berak ere helburua bete ahal izan zuen, hurrengo saioan aritzeko txartela lortuta.

Aipatutako lau aizkolariak ziren irabazteko faborito nagusiak, eta lauren artean jokatu zituzten txartelak. Beraz, lehen jardunaldian ezin esan ezusterik izan denik.

Jendearen aldetik, nahiko erantzun kaskarra izan zen aureneko saioan, nahiz eta erakargarritasunak bazeuden norgehiagoka ikustera joateko. Dena dela, txapelketak aurrerako bidea egiten duen bezalaxe harmailak ere betetzen joango dira, izen garrantzitsu asko arituko baitira.