Maria Lopez
Bizkaiko Medicusmundi-ko boluntarioa
KOLABORAZIOAK

Inora bidean?

Bizia du pausoa. Ez presa duelako, bizigura duelako baizik. Laburra urratsa. Tamaina txikia du, emakume txit handia da, ordea, zinez diotsuet. Ez dut esango bere oinkadari segitzea kosta egiten zaidanik, gezurra baita. Inoiz ez zait nekeza egin gustuko dudanari jarraitzea, ezta gaur ere. Maldan gora bere atzetik gogotsu noan arren, arnasestuan noala ez dut ukatuko. 60 urte eta metro eta erdi eskas dituen arren, ohitua dago egunero harat eta honat ibiltzen. Hori esango dut nire mesedetan. Nire engainurako beharbada. Arin-arin doa. Dezenteko tartea atera dit. Hatsa falta zaidala entzungo du, ostera, ziurrenik. Ezin ezkutatuko dut.

Goizean elkartu orduko aldatsean gora abiatu gara, zeregin anitz dugu aurretik. Guatemalako erliebearen hain bereizgarri den muino bat igotzeari ekin diogu. Errepidea atzean utzi eta kamino lokaztuko lurra harrotu dugu. Zalu, galtzeko denborarik ez baita. Sigi-saga, bihurgunetsu marrazturik dago bidea mendixkan; zuzena da gure helburua, baina. Bada 4x4 autoan albotik igarotzen den inor, inguruko landaren batean uzta biltzera doana.

Oinez egiten du Clarak egunero bere txangoa. Berdina beti ez, noski. Gaur bi haurdun bisitatzeko asmoa du. Atzo beste haurdun bat eta ama izan berri diren bi emakume ikusi zituen. Herenegun erditze baten arreta egin zuen gauerdian. Biharko lana zein izango den batek daki…

Ametsetan dugu jatorria, behinola batek esan zuen moduan, ametsak eta gu materia berberez osatuak gaude. Eta Clarak ere hala diost. Ametsen mundutik datorrela, ametsetan ikusi zuela emagina izatea zela bere bizitzako xedea, alegia. Hainbat hilabete igaro zituen lore-sorta urdin batekin amesten, horrek zer esan nahi zuen entenditzera iritsi aurretik. Laguntza ere behar izan zuen amets bitxi haren esanahia ulertzeko. Herrixkako jakintsuak klaru esan zion: lore-sorta urdina, ur urdina, ur bizia, munduratu bizia… emagina izango zara, bada! Halere, emaginarena ez omen da ohiko ofizioa, inondik ere! Misio bat da. Guatemalako emaginen esanetan: bi izakiren biziaren alde egitea da, amaren eta jaioberriaren laguntzaile. Ikasketa prozesu artatsua du; hori dela eta, emagin tradizionalek arbasoengandik ikasten dute. Eta Clarak, emakume argia berau, trebetasuna berehala eskuratu zuen, baita lanari ekin ere.

Emaginek haurra mundura ekartzen laguntzen dute emakumea. Sarri, pediatra ere badira. Eskualdeko osasunaren arduradun dira hein handi batean, haurdunaldian zehar emakumeari babesa eta arreta emateaz gain, familia-plangintzarako aholkuak ematen baitituzte, besteak beste. Baita infekzioak eta edonolako minak zein gaitzak tratatu ere. Hirigunetik urrun bizi diren emakume maiak dira, batik bat, haurdunaldian zehar emaginen euskarria bilatzen dutenak. Mendatea, errepide luzea, hiriko erdigunera ailegatzeko auto-ilara amaigabea, ospitalean medikuaren arreta jaso aurretiko itxaronaldi luzea… Ospitalera joatea baino, emaginaren gertuko bisita nahiago dutela ez da entenditzeko zaila.

Osasun sistema publikoak emagina tradizionalak bere baitan integratu nahi ditu. Hala dio, bederen. Esan, integratu nahi dituela dio; ekintzez irensteko asmoa duela adierazten duen arren. Zenbait ospitaletan sartu dira. Ez, ordea, partaide gisa; erditze aretoaren garbiketarako laguntzaile moduan baizik. Clarak goxotasuna eta irribarrea ahotik galdu gabe aitortzen du osasun sistema ofizialaren aldetik irainak eta mespretxua jasan dituela. Halere, egun, aurrerapauso txikiak ematen ari dira, hala dirudi bederen. Osasuna bakarra da eta hau lortzeko metodo tradizional zein instituzionala batzeak kalte baino, onura ekar diezaioke osasun sistemari.

Clararen eskualdean bertoko emaginak eta medikuak hainbatetan elkartzen dira ospitalean prozedura ezberdinen inguruko informazio eguneratua partekatzeko. Antza, Ministerioa ohartu da emaginek egiten dioten mesede itzelaz. Guatemalako zirrikitu ahantzienean dauden emakumeen erditzeen arreta egiten baitute horiek. Oso garrantzitsua da, beraz, emaginak erditze orok izan ditzakeen konplikazioak aurreikusi eta ospitaleetara bideratzea. Baita erditzeko unean gertatzen diren arazoei aurre egiteko gai izatea. Horretarako, ezinbestekoa da emaginen eta ospitaleen arteko erlazio integratzailea. Ez ditzala euren arbasoen ohiturak alboratu, inondik ere! Solasean aldapan gora gatozela hausnarketara gonbidatu nau emaginak. Aitortzen dut ez nuela euren errealitatearen berri. Hatsa falta dut. Atsekaberik ez dut.

22 urte dituen eta sei hilabeteko haurdunaldia daraman emakumearen etxerantz abiatu gara. Bien bitartean sakelako telefonoak jo dio Clarari: bihar ospitalean bilerara elkartzeko deia egin dute. Tipi-tapa oinez joango da, bihar ere, lokatz artean zapaten oin-zola urratuz. Badaki urrats laburrez doala, aurrerantz beti, alajaina. Badaki ez doala inora-bidean, nora-bidean baizik.