Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Muturreko zailtasunean neska gazteak jo eta su ari dira

Azken bolada honetan, kirol eskaladan zein blokean makina bat ekarpen egin dira. 18 urtetik beherakoak (ia guztiak adingabeak) diraprotagonistak: Ashima Shiraishi, Laura Rogola, Kajsa Rosen, Angie Scarth-Johnson eta Brooke Raboutou.

Askotan aipatu izan dugu kirol eskaladan zein blokean muturreko zailtasunak ez duela adinik. Hein handi batean hala da, baina, bide batez, iritzi hori zehaztu behar da. Hori azpimarratzen dugunean esan nahi dugu adin nagusitik beherako eskalatzaileen artean iraultza gertatzen ari dela. Nerabe zein ume batzuk orain dela hainbat urte inork imajinatuko ez zuen gradura heldu dira.

Adam Ondra belaunaldi horien ikur bat izan dugu. Badira beste batzuk, baina azkenaldiotan multzo horretan sartzen ditugun protagonistak gero eta ugariagoak dira.

Horren guztiaren adierazle dira hurrengo bost protagonistak: Ashima Shiraishi, Laura Rogola, Kajsa Rosen, Angie Scarth-Johnson eta Brooke Raboutou. Guztiak ala guztiak, gainera, neskak dira. Badirudi, beraz, orain arteko mutilen nagusitasuna “apaltzen” ari dela.

Eta lehen protagonista Shiraishi izango dugu. 14 urteko estatubatuarra orriotatik behin baino gehiagotan igaro da, eta, jakina, argudio guztiekin. Nerabeen artean kirol eskaladan zein boulderrean “iraultzaile” garrantzitsuena dugu.

Kirol eskaladan, adibidez, gai izan da Santa Linyan “Open your mind direct” (9a) eta “Ciudad de Dios” (9a+) kateatzeko. Blokean, berriz, makina bat 8b eta 8b+ (horietako bat ordu erdian) egin ditu. Eta orain 8c gradura igo da.

Horretarako aitaren sorlekura bidaiatu behar izan du: Japoniara. Askatu berri duen xedea Hiei mendian dago: “Horizon”. Pasa den abenduan, Dai Koyamadak sortutako eta askatutako korapilo hori oso gertu izan zuen; bustita zegoen azken pausoan hiru aldiz erori zen. Orain dela aste batzuk, berriz, erabat askatzea lortu zuen. “Horizon”-en lehen errepikapena izateaz gain, Shiraishi 8c gradua egiten duen lehen emakumezkoa bihurtu da. Beraz, estatubatuarrak berriro historia egin du.

14 urteko nerabea bera harrituta zegoen: «Nire ametsa egia bihurtu da. Ez dut sinisten 8c zailtasuna egin duen neska gazteena izan naizenik. Eskerrak eman nahi dizkiot Koyamadari harribitxi hori sortzeagatik».

Abenduan hain gertu izanik, estatubatuarra Aste Santuan Japoniara itzuli zen. Shiraishik ez du denbora asko pasatu “Horizon” sinatzeko. Hiru egun behar izan zituen mugimendu guztiak gogora ekartzeko eta behin betiko saioa egiteko. Guztira, 30 mugimendu dira, eta Koyamadak iazko udaberrian egin zuen lehen igoera. Garai hartan, japoniarrak aitortu zuen inoiz egin zuen proiektu gogorrena izan zela, eta uste zuela «gutxienez 8c» dela.

 

9a zailtasuna

Hurrengo lau protagonistak, bestalde, kirol eskaladan goi mailako ekarpenak egin dituzte. Rogola horietako bat da.

Josune Bereziartuk 2002. urtean Saint-Loup-eko (Suitza) “Bain de sang” kateatu zuenetik, hots, nesken artean munduko lehen 9a sinatu zuenetik, beste hamar emakumezko heldu dira zailtasun horretara. Sperlongako eskalada eskolan dagoen “Grandi gesti” bideari esker, hamabigarrena Rogola izan da.

Soilik 14 urte ditu, eta Italiako nesketan gradu hori lortzen lehena izan da. Horrela bada, nerabe honek Bereziartu, Shiraishi, Angela Eiter, Mina Markovic eta Muriel Sarkany bezalako izen handien artean bere sinadura utzi du.

“Grandi gesti” sabai batean dagoen 20 metroko marra bat da; oro har, beste bide batzuen loturak jasotzen ditu.

Eskalada lehietan espezialista handia da, eta eskuarki boulder areto edo rokodromo batean entrenatzen du. Italiarrak berak aitortu du “Grandi gesti” prestatzeko ez zuela entrenamendu berezirik egin: «Nire asmo nagusia Txinan jokatutako Eskaladako Munduko Txapelketara bideratua zegoen. Sperlongako marra hori egiteko zazpi asteburu eta hogei ekinaldi behar izan nituen. Nire ezaugarrietarako bidearen lehen zati eta azkena ez dira batere aproposak. Ez nengoen oso sasoiko eta baldintzak ez ziren oso onak. Halere, probatzea otu zitzaidan. Atseden on bat hartu ostean, bidean sartu nintzen eta, oso lasai eskalatzeaz gain, indarrak ondo baino hobeto kudeatu nituen. Eta, zorionez, katera iritsi nintzen».

 

8c bistan

Kajsa Rosen eskalatzaile suediarra ere ez da ekarpenen munduan atzean geratu. 18 urte besterik ez ditu, eta gai izan da 8c bistan egiteko; hots, emakume batek gradu hori bistan egiten duen lehen aldia da.

Nazioarteko lehietan Rosen burua sartzen hasi da, eta aurtengo denboraldia prestatzeko Olianan (Lleida) eskalatzen izan da. Bere bisitaren bigarren egunean, “Fish eye” bidea (8c) kateatu zuen. Eta horretarako soilik hiru ekinaldi behar izan zituen. Marra hori egin zuen egun berean, suediarrak “Los humildes pa casa” (8b+) igo zuen, baina flash eran. Jarduera horien inguruan, Simon Carter argazkilariak zera adierazi du: «Kajsari argazki batzuk atera nizkion, eta aitortu behar dut Olianan goi mailako eskalada asko ikusi ditudala, baina Kajsak egin dituenak ahoa bete hortz utzi naute. ‘Fish eye’-tik paseatu zen, eta ‘Los humildes pa casa’ oso erraz igo zuen. Suediarra etorkizunean kontuan hartu beharreko eskalatzailea dugu».

Bi marra horiek patrikara sartu ostean, eskalatzaile gaztea gai izan zen “Mind control” bidea (8c+) egiteko; gradu horretako bere lehen marra izan da. Eta bidaiaren ginga “T1-Full equip” bidea izan zen: 8c bistan! Lehena emakumezko batentzat, nahiz eta garai batean Charlotte Durif frantziarrak eta Maja Vidmar esloveniarrak 8c bistan bana aldarrikatu zituzten. Goi mailako bi eskalatzaile horiek bistan egin zituzten bideak egun 8b+ mailakotzat hartzen dira.

8c 11 urterekin

Amaitzeko beste bi protagonisten jarduerak azpimarratu nahi ditugu. Lehena Angie Scarth-Johnson dugu. Egun 11 urte ditu, eta Margalefen (Tarragona) “L`Espiadimonis” bidea (8c) kateatu du: «Zulo asko dituen bide bat da, eta eskalada estilo hori gogorra iruditu zait. Atseden leku on bat du, eta, ondoren, eskalada leherkorra. Sekzio horietan bidearen giltza dago».

Gogora dezagun haur horrek iaz 8c baten berri eman zuela, baina nahastu egin zen. Rodellarren “Welcome to tijuana” (8c) egin zuela adierazi zuen, baina, berez, “Tijuanita” (8b+) egin zuen.

Australiarra azken hiru hilabeteotan Kataluniako hainbat eskalada eskolatan izan da, eta aipatutako 8c horrez gain, 8b+ graduko pare bat bide ere eskalatu ditu.

Eta kronika hau amaitzeko, Brooke Raboutou ekarriko dugu lerrootara. 14 urteko nerabe hau Didier Raboutou eta Robyn Ebersfield eskalatzaile historikoen alaba da.

Haurtzaroan eskalatzen hasi zen, eta bere izena behin baino gehiagotan entzun dugu. Oraingo honetan AEBetan eginiko bidaia batean 8c+ zailtasuneko bide bat kateatu du. Hain zuzen ere, Red River Gorgen dagoen “Southern smoke” marra izan da nerabeak eskalatu duena.