Bilbok hartuko ditu Urrezko bi kanporaketak
Urrezko Aizkorak aurrera jarraitzen du, eta izen ezagunak ere sartzen hastera doaz, Txapartegi eta Mujika aizkolariak, esaterako, asteburu honetan hasiko baitira lanean.
Asteburuko bi jardunaldiak Bilbon izango dira. Gaur, Atxuriko Gizakunde plazan lehiatuko dira, 12.30ean hasita. Txapartegi, Mujika, Resano, Etxeberria II.a, Alberdi eta Larrea III.a arituko dira nor baino nor.
Erdiak kanporaketa bat gaindituta datoz; izan ere, Larrea, Etxeberria eta Resano aurreneko kanporaketatik ari baitira jokatzen. Beste hirurak, Alberdi, Txapartegi eta Mujika aurreneko aldiz jardungo dira. Bi txartel banatuko dira hurrengo kanporaketarako, eta azken hiru hauek dira faborito. Mujikak eta Txapartegik eskarmentu handia dute, baina Alberdi oso indartsu agertu da azkenaldian, eta azkoitiarra saiatuko da bere burua hurrengo fasean sartzen.
Bihar ere Bilbon jarraituko du Urrezko Aizkorak, Arte Ederren Museoan jokatuko baita beste kanporaketa bat, eta horretan ere sei aizkolari lehiatuko dira. Xabier Zaldua, Julen Kañamares, Aritz Irazabal, Eloi Kortxero, Juan Rodriguez eta Juanillo Rodriguez jardungo dira. Azkeneko bi aizkolari hauek segoviarrak dira, baina urte asko daramatzate Euskal Herrian lehiatzen.
12.30ean hasiko den norgehiagoka horretan ez da faborito garbirik ikusten. Zalduak eta Irazabalek jadanik kanporaketa bat gainditu behar izan dute hemen egoteko, eta biak oso kontuan hartu beharko dira. Baita Kañamares III.a ere, baina ez dirudi denen artean ere alde handirik izango denik.
Astondoa
Irati Astondoak marka ahalegina egingo du gaur Goierriko Zazpi Orduen barruan. Aizkolari bizkaitarrak 45 ontzako sei enbor ebaki beharko ditu. Hori lortuta, marka pertsonala eginda utzi nahi du. Joan den urtean Alatzne Etxaburuaren aurka jokatu zuen apustuan hasi zen aizkoran, eta orain beste pauso bat eman nahi du. 17.00etan hasiko da, Ordiziako pilotalekuan egingo den jaialdian, eta 00.00etara arte jardungo du. Tarte horretan kirol ekitaldi ugari daude iragarrita, eta hor izango da lanean Irati.