G. M. ZUBIARRAIN
baiona
Ipar EusKal herria elkargoa (ETA II)

Elkargo bakarraren eskuduntzak eta baliabideak: zazpi ahal eta, oroz gain, bide bat jorragai

Udalen lankidetzarako erakundeak zazpi ataletan izango du esku hartzea: ekonomian, lurralde antolaketan, garraioan, ingurumenean, kulturan, hizkuntzan eta arlo sozialean. Irakaskuntzan eta mugaz gaindiko harremanetan, eragileek maiz eskatutakoetan, ez du oraingoz ahalik izango. 2017an sortuko da.

Hamar herri elkargo, elkargo bakarra. Zertan da aldea? Lehena ikuspegian datza: aurrerantzean Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoa osotasunean hartuta zehaztuko eta gauzatuko dira politikak elkargoaren eskuduntzetan. Horrek «herrigintza» bat eragingo du berarekin, berezko politikagintza bat.

Bigarrenik, udalen arteko erakunde bidez bada ere, lurraldearen perimetroa, orain arte Parisek sekula onartu gabekoa, jasotzea ekarriko du.

Hirugarrenik, egungoek baino eskumen gehiago izango ditu, eta batez ere, Ipar Euskal Herriari ahal gehiago aitortzeko bidea irekitzen du, betiere horretarako borondatearen mende.

Laugarrenik, diru-funts handiagoen atea irekiko du, erregio berriaren baitan Bordele ondoren bigarren «hirigune» nagusi bihurtuko baita elkargo berria.

 

1. Ekonomia garapena

Erregioak ezarritako ildoan jardun beharko du elkargoak, bereziki enpresa laguntzetan, garapen ekonomikoaren eskuduntza haiek dutelako aitortuta deszentralizazio legean. Hertsapen hori ez du izango hiru alorretan: Ipar Euskal Herriko ekonomia balioesteko politiketan, aktibitate eremuen prestaketan eta garapen ekintzak laguntzean. Esaterako, laborantza (lurren babesa, etxalde aldaketak, ekoizpen eredua...) ildo horretatik landuko lukete. Turismoak atal berezia du: turismo sustapena eta turismo bulegoen ardura bereak izango ditu elkargo bakarrak. “Biarritz-Euskal Herria” markapean jardutea proposatzen da, izenak duen itzala baliatzeko.

 

2. Lurralde antolaketa

Hiru herrialdeen mailako hirigintza plana egiteko eskumena izango du, baina udalek, hala nahi izanez gero, eskumen bat, herri mailako hirigintza planak ebaztekoa, manten dezakete. Horren bidez lurraren erabilera eta etxebizitza politika zehaztuko dira eta elkargo mailako interesdun errepideak izenda eta arta ditzake elkargoak.

 

3. Garraioa eta mugikortasuna

Ipar Euskal Herrian hasi eta bukatzen diren garraioetan azken hitza izango du. Zehazki, hiriguneko, landa eremuko eta eskola arloko garraioa bere gain hartuko ditu elkargoak. Horri esker mugikortasun estrategia garatzeko aukera izango du: txartel bakarra, barnealde eta kostalde arteko tarifa harmonizatuak, hiriguneen eta landa eremuen arteko loturak, eta abar. Gainerako euskal herrialdeekin garraio loturak ere zehatz ditzake.

 

4. Ingurumena

Bi sailetan laburbiltzen dira elkargoaren zereginak: uraren kudeaketa eta hondakinena. Horrela, edateko uren azpiegiturak, tarifak eta araztegiak batetik, hondakin azpiegiturak bestetik, kudeatuko ditu. 2018an urguneen zaintza eta uholdeen prebentzioa ere bere egingo dituela aurreikusita dago.

 

5. Kultura eta hizkuntzak

Kulturan hiru eskuduntza izango ditu: arte irakaskuntza, zuzeneko ikuskizunena eta arte/kultur heziketarako politikena. Mediatekek udalen esku jarraituko dute. Kultur eragileentzako laguntzak ere kudeatuko ditu bere eremuan. Hizkuntza alorrean euskararen aldeko politikak sustatzea eta EEPn parte hartzea aurreikusten da bere eskumenetan, baita gaskoia bultzatzea ere.

 

6. Politika sozialak

Gidalerroak idaztea izango du zeregin nagusi elkargo bakarrak, kudeaketa udalen –herri txikien kasuan, eskualde mailako egituren– bidez gauzatuko baita. Kirol azpiegiturak, adineko nahiz elbarrituentzako etxeko laguntzak, haur eta gazte zerbitzuak eta osasun zerbitzuen antolaketa zehaztuko ditu horrela.

 

7. Fiskalitatea

Elkargo bakarra sortzeak zergen mailan harmonizatze prozesu bat ekarriko du ezinbestean, legeak bere eremuan tasa bera finkatzera behartzen dituelako egitura horiek. Hori dela eta, egungo «hamar sistemen» ordez bakarra adosteko «finantza ituna» idaztea izango du lehen eginbeharretakoa, bere baitan berdintasun irizpideak, zerga politika eta estrategia jasotzeko.

Hirigune elkargoak finkatuko dituen zergen artean daude herritarrentzat lur eraiki eta eraiki gabekoaren zergen eta bizitoki tasaren hein bat; enpresentzat garraio kotizazioa, lur kotizazioa eta balio erantsiaren kotizazioa.

Iskanbila iturri nagusia izan da hau. Udal batzuentzat, ekonomikoki atzeratuen daudenentzat, kaltea ekarriko du fusioak, laguntza batzuk galdu egingo dituztelako bat egitearekin. Konpentsazioak agindu dituzte.

Familien zergak ez igotzeko, bestalde, tasa altuagoak izango dituztenei udalek beraiena jaitsiko diete, eta diru-galera elkargoak konpentsatuko du. Enpresen tasak, berriz, hamabi urteko epean harmonizatuko dira bat egitearen eragina leuntzeko.