Hamalau urterekin, Andoni Esparta 8c zailtasunean sartu da
Eskalatzaile bilbotarra bilakaera ederra izaten ari da kirol eskaladan. Hori erakutsi zuen hilaren 3anzailtasunean klasiko bat den «White zombie» (Baltzola) kateatuta. Bere lehen 8c da.
Joan den astean Mikel Linazisoro izan genuen protagonista 15 urterekin bere lehen 9a sinatzeko gai izan delako. Bergararraren kasua berezia da oso, eta egun, inolako zalantzarik gabe, eskalatzaile mediatiko gisa har genezake.
Maila bat beherago, baina oso sasoiko dauden beste euskal eskalatzaile batzuk badaude. Horietako bat Andoni Esparta da. Linazisoro ez bezala, bilbotarra oraingoz ez da hedabideetan maiz azaltzen. Eta harrigarria da, bai kirol eskaladan bai lehiaketetan oso indartsu dagoelako. Hil honen 3an, adibidez, zailtasunean klasiko bat den “White zombie” kateatu zuen. Ikastetxetik irten, Baltzolara joan eta di-da batean marra hori patrikara sartu zuen.
Urtebetetze oparia izan daiteke; izan ere, 15 urte bete ditu gaur (zorionak!). Beraz, eskalatzaile gazte honek, oso gutxigatik bada ere, 8c graduko bere lehen bidea 14 urterekin egin du.
Jakina, Espartaren gaitasuna ikusirik, lasai asko esan genezake gaztearen kateatze horrek inor ez duela ezustean harrapatu. Askok zioten lehenago iritsi behar zuela, baina, gauza bategatik edo besteagatik, berria pixka bat beranduago iritsi da.
Nahiko azkar
Bittor anaia bezala, Andoni ere oso gazte hasi zen eskalatzen, eta uste dugu izaten ari den bilakaera azpimarratzeko modukoa dela. 11 urterekin bere aurreneko 7c+ kateatu zuen, 12rekin lehenengo 8a, 13rekin lehen 8a+ eta 14rekin lehen 8c landuta eta 8a bistan.
Zerrenda polita, Esparta anaietako gazteenak lortu duena. Bide batez aipatu behar dugu graduan Andonik Bittor (18 urte ditu) harrapatu duela; hori bai, zaharrenak zailtasun horretan hainbat bide egin ditu.
Bada, horietako bat “White zombie” da. Eta hain zuzen ere, anaia zaharrenak gazteenari aholkatu zion probatzeko; besteak beste, bere ezaugarrietarako oso egokia delako.
Esan behar dugu lerrootako protagonistak ez diola “bisita” iraunkorrik egin “White zombie”-ri. Joan den udan saioak egiten hasi zen; baina tartean gaixorik egon zen, bidea bustita zegoen... Duela pare bat asteburu berriro Baltzolara hurbildu, marra probatu (goialdea bustia zegoen), etxera itzuli eta duela sei egun, erraztasun handiz, soka katetik pasatzeko gai izan zen. Beraz, saio asko egin gabe Espartak 14 urterekin bere lehen 8c-a egin du. Bere ingurukoek diote iazko udan “White zombie” egiteko aukera handiak izan zituela.