Jon LEUNDA
Aizkora

Galdakaon eta Ataunen erabakiko dira finalistak

Atutxa II.a, Kañamares III.a, Otaño eta Larrañaga lehiatuko dira Bizkaian.Arria V.a, Mugertza II.a, Txapartegi eta Rekondo, berriz, Gipuzkoan.

Buruz Buruko Urrezko Aizkora bere amaierara heltzen ari da, eta gaur gauerako jakingo dira Azpeitiko finalean izango diren lau aizkolarien izenak. Gaur goizean Galdakaon, eta arratsaldean Ataunen jokatuko dira bi finalerdiak, eta erabakita geratuko da zeintzuk izango diren txapelaren lehian arituko diren aizkolariak.

Goizean Galdakaon izango da saioa, eta han neurtuko dira, 12.00etatik aurrera, Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Kañamares. Kanporaketa oso erakargarria geratzen da, eta garbi dago edozein sar daitekeela finalera. Bik egingo dute aurrera, eta badirudi txartel horietako baten jabea Aitzol Atutxa izango dela, bera da behintzat bai saio hau eta bai lehiaketa bera irabazteko ere faborito nagusia.

Saioa jokatzera doazenek ere badakite hori, baina izenak ez du dena egiten, eta gainerakoak ere bizkaitarrari aurre hartzeko prest joango dira. Beste hiruren artean lehia gogorra espero da. Hemen gertatzen dena gertatuta ere, Otañok badauka jada final bat jokatzeko txartela, 23 urtez azpikoetakoan izango delako. Agian berak izan dezake presiorik txikiena.

Ataun

Arratsaldean, 19.00etan, Ataunen, San Gregorioko frontoian, jokatuko da bigarren eta azkeneko finalerdia. Bertan, Arria V.a, Luix Txapartegi, Mugertza II.a eta Jon Rekondo lehiatuko dira. Kanporaketa hau ere oso erakargarria agertzen da, lauretako edozein sar daitekeelako finalean. Hemen ere bi aizkolari izango dira azkeneko saiora sailkatuko direnak, lau aizkolari lehiatuko baitira final handian.

Lanak handiak ez direnez, deskuidurik gutxien izaten duenak lortuko du Azpeitiko finalean parte hartzea. Gainera, txapelketa ofizialak ere ate joka daude, eta aizkolariak jadanik maila onean daude, eta hori ere nabarituko da datozen bi saio hauetan. Ikusmina badago, bai kanporaketa honetarako, eta bai goizekorako, eta hementxe izango dira parte hartu duten guztien arteko zortzi onenak. Horien artean, gainera, ez da ezusterik izango, jarraitzaile gehienen burutapenetan zeuden aizkolariak izango baitira finalerdietan.

Finalak, berriz, data aldaketa bat izango du; izan ere, ekainaren 4tik maiatzaren 28ra pasatuko da, eta egun horretan jokatuko dira maila guztietako finalak, 18.00etatik aurrera. Lekua mantenduko da, eta urtero egiten den moduan, Azpeitian izango da, Izarraitz pilotalekuan. Urrezko Aizkora hasi zenetik finalak beti Azpeitian jokatu izan dira.

Sunbillan amaituko da Nafarroako Txapelketa

Nafarroako Sokatira Txapelketa amaitzera doa, eta gaur jokatuko da azkeneko ekitaldia, Sunbillan, bertako pilotalekuan izango baita saioa, 17.30ean hasita. Han, mutilak 300 kilokoan lehiatuko dira, neskak 235ekoan. 20 urtez azpikoak eta kadeteak, berriz, 280koan.

Maila nagusietan, mutilen eta nesken mailan, Berriozar dabil nagusi, eta haiek dira txapela lortzeko faboritoak. Gorriek, mutilen aurreko jardunaldian irabazi egin zuten, eta Beti Gazte geratu zen bigarren. Nesketan, Berriozar eta Txantrea puntuetan berdinduta doaz. J.L.