Maider IANTZI
USURBIL

Usurbilek herritarrei itzuli die errausteaz galdetzeko eskumena

Espainiar Gobernuak ukatu egin dio Usurbilgo Udalari galdeketa bat egitea, usurbildarrek sortutako hondakinak erraustu nahi dituzten jakiteko. Horren aurrean, herritarrei itzuli die Udalak «inoiz baino zilegitasun handiagoa duen galdeketa» egiteko eskumena.

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Alaitz Aizpurua alkateordeak prentsaurreko batean adierazi zuten atzo espainiar Gobernuaren ukoaren aitzinean Udalak hartu duen jarrera. Agertu zutenez, honek ez du oraindik hondakinen errausteari buruzko galdeketa antolatzea eragozten dion aginduaren jakinarazpen ofizialik jaso, baina Ministroen Kontseiluak joan den ostiralean argitaratu zuen albistea eta, beraz, badaki ukoa garbia dela.

Ezezkoa jaso aurreko ibilbidea errepasatu zuten: usurbildar talde batek osatutako Erraustegia Erabakia herri plataformak 1.185 sinadura aurkeztu zituen Udalean joan den urtarrilean, galdeketa bat egitea eskatuz. Eta otsailaren 23ko udalbatzan, gehiengoz, honako galdera egitea erabaki zen: «Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?». Galdeketa lotesleak antolatzeko prozedurari jarraiki, espainiar Gobernuari baimena eskatu zioten gero.

Arazo etiko eta demokratikoa

Erraustea «ingurumenari eta osasunari eragiten dion arazo bat» ez ezik, «arazo etiko eta demokratiko» ere bilakatzen ari dela ohartarazi zuten Arregik eta Aizpuruak. Salatu zutenez, inoiz ez zaie galdetu herritarrei haren egokitasunaz, eta Usurbilen saiatu izan direnean, ez zaie utzi.

Gipuzkoako eragile politikoei eta herritarrei hitza eman eta errausketari buruzko «eztabaida zintzo eta zentzuzko bat» egitera gonbidatu zituzten, herritarrak eta osasuna erdigunean jarriz. Udalak ez du egin asmo zuen herri galdeketa gauzatzeko baimenik.

«Horrek beste arazo batzuk ere agerian uzten ditu: nork, noren gainean, zergatik, nola eta ze argudioren gainean hartzen dituen erabakiak. Hori, Usurbilen esaten den bezala, beste kupeleko sagardoa izan daiteke batzuentzat, baina uste dugu benetan arduraz hartzekoa dela erabakiak hartzeko modua eta hauen eragina, are gehiago herritarrei bizkarra emanez hartzen badira».

Hala, herritarrei itzuli die Udalak galdeketa egiteko eskumena, «kezkaren tamaina ezagututa, inoiz baino zilegitasun handiagoa duen galdeketa».