GARA
Zesta

Izaro Arbek Xisterarekin bat egin du, nesken zesta bultzatzeko

Markinarra Xistera zesta-puntako kluben klubarenproiektuaren zuzendaritzan dago, eta «modalitateaikastetxeetan sartu eta topaketak antolatu» nahi ditu. Egun 15 neska daude berarekin entrenatzen.

Izaro Arbek (Markina, 1993) bikain ezagutzen du zesta-punta, ez bakarrik Markinan, horren tradizio handiko herrian, bizi delako, edo bere anaia nagusia Danian (Florida, AEB) profesionala delako, baizik eta berak, 12 urterekin, jantzi zuelako xistera aurrenekoz. Oztopo ugarirekin topo egin du urte hauetan, eta orain, buruan helburu handia du: nesken artean modalitate hau ezagutaraztea.

«Orain dela hamar urte inguru hasi nintzen, nebaren partida bat ikusten nengoen eta aitari zestan jokatu nahi nuela esan nion», azaldu du Arbek berak. Hasieratik espezialitatea «oso erakargarria» iruditu zitzaion eta «beste kirol batzuetan ere aritu banintzen ere, azkenean zesta hautatzea erabaki nuen».

Orain, markinarra Xistera, zesta-puntako kluben klubaren proiektu barruan dago. Bertako zuzendaritzan sartu da, Eskolen Sustapen Batzordean, hain justu, elkartearen helburu nagusienetariko bat emakumeen kirola sustatzea delako.

Izaro Arberen erronka bikoitza da. Alde batetik, «zesta ikastetxeetan sartu» nahi du, eta bestetik, nesken topaketak antolatu eta koordinatu nahi ditu; «ea apurka-apurka gehiago apuntatzen diren».

Horrela, etorkizunean, neskek ez dituzte berak izan zituen oztopoak aurkituko. Izan ere, Izaro Arbe, ezkertia izateaz gain (araudiak ez du uzten xistera ezkerrean jartzea), neska bakarra zen eskolan, eta mutilekin aritu behar izaten zuen. Beraz, urteak joan ahala, mutilen indarra nabarmentzen zen, eta keinu itsusiak ere jasan behar izan zituen.

Baikorra izateko motiboak

Gaur, neskak ez dira baztertuta sentitzen Markinan, Bekobenta Eskolan dagoen pilotalekuan, astearte eta ostegunetan 15 neska inguru entrenatzen baitira. Gauzak hala, baikorra izateko motiborik badago, eta Izaro Arberen esanetan, «Xistera proiektua ideala da. Orain dela urte batzuk beherakada egon zen zestan, baina orain, proiektu hau bezalako ekintzekin, indarra hartzen ari da». Izan ere, berak dioenez, gauzarik garrantzitsuena, «klub guztiak elkarrekin egotea da, eta ez bakoitza bere aldetik. Hori beste modalitateetan ere egin beharko litzateke».

Arberen presentziari esker, nesken zesta-puntak gero eta garrantzi handiagoa hartuko du eta hurrengo jaialdietan, klubek antolatuta eta www.xistera.eus-en streaming bidez emitituko direnak, nesken atariko partidak egongo dira ikusgai, horiek ere jokatzen badakitela erakusteko.

Honi buruzko guztia: Zesta