Anak Verhoeven«Le Bronx» bidea igotzenlehen emakumea izan da
Orgonen dagoen 8c+ zailtasuneko bide mitiko eta polemikoa kateatu ahal izateko, eskalatzaileak hirusaio behar izan zituen. Bide batez, «Ma belle ma muse»-ren (8c+/9a, Romeyer) lehen igoera ere egin du.
Anak Verhoeven kirol eskaladan zein nazioarteko lehietan indartsu dabil. Belgikako eskalatzaile gazte hau 9a zailtasunera iritsi da eta Munduko Kopan bosgarren postua sinatzea lortu du.
Orain dela gutxi, Verhoevenek Frantziako hainbat eskalada eskola bisitatu ditu. Horietako bat garai batean sona handia izan zuen Orgon izan da. Xede bezala “Le Bronx” bidea hartu zuen, eta aurreratu behar dugu aise kateatu zuela. Baina aipatu behar dugu bide horrek historia berezia duela.
Marra hori 1994. urtekoa da. Garai haietako lehia guztietan ekipatzen ziren bideek ezaugarri bakarra zuten: erresistentzia. Eta marra hori sortu zenean eite hori eman nahi izan zioten. Horretarako, “Le Bronx”-ek dituen 30 heldulekuetatik 27 manipulatu ziren; hots, batzuk zizelkatu ziren eta beste batzuei sika jarri zieten. Jakina, erabaki horrek polemika handia sortu zuen. Baina zailtasunean gogorra zenez, bere horretan mantendu zen. François Petit frantziarra izan zen marra mitiko horri puntu gorria jarri zion lehena.
Ondoren, gizonezko askok eskalatu dute, baina orain gutxira arte emakumezkoren igoerarik ez zuen. Verhoeven lehena izan da, eta soka katetik pasatzeko soilik hiru saio behar izan ditu.
«Erronka»
Eskalatzaile belgikarrak adierazi du “Le Bronx” bidearentzat ez duela entrenamendu berezirik egin: «Iazko Munduko Kopa bukatu bezain laster, hainbat astez atseden hartu nuen. Berriro entrenatzen hasi nintzen, baina nahiko lasai; sasoia era progresiboan hartu nahi nuen. Frantziako hainbat eskola bisitatzeko erabakia hartu nuen. Horietako bat Orgon zen. Jakin banekien, hango bide gehienek ez dutela gaur egungokoekin zerikusirik. Estiloari buruz ari naiz. Alabaina, erresistentzia nagusi den bide horietarako ez nuen entrenamendu berezirik egin. Azken urteotako entrenamendu bera egin dut; hots, erresistentzia eta indarra landu ditut. Agian, aurten hatzak indartzeko saio gehiago egin ditut».
Orgoneko hainbat marra eskalatu ondoren, Verhoevenek “Le Bronx”-i ekin zion. Eta lasai asko esan daiteke ez ziola buruhausterik eman: «Oso azkar egin nuen. Proiektu bezala baino erronka bezala hartu nuen; ez nuen nahi ‘Le Bronx’-en aldetik presio iraunkorra jasan».
Romeyer-eko eskalada eskolatik ere pasatu zen, eta han “Ma belle ma muse”-ren (8c+/9a) lehen igoera sinatu zuen.