Asun AGIRIANO
HAUR LITERATURA

Txikiaren garaipena

Ekainean, ezusteko polita izan dugu: “Grufaloa” album ilustratu ezagunaren euskal bertsioa agertu zaigu liburu berrien artean. Ez da, gero, makala grufaloari euskaraz entzutea! Orain dela 17 urte Ingalaterran sortua, honezkero ikasi dugu grufalorik ez dela basoan bizi, eta hitza bera ere asmatutakoa dela.

Munstro ospetsua da grufaloa, web-orri ofizial eta guzti (www.gruffalo.com). Pertsonaiarekin film labur bat baino gehiago egin da, musika, antzerkia, eta, harrigarria!, pastelak ere bai, txokolatezko grufaloz eginak. Gurean, argitaletxeak iragarri du irailean txotxongilo-liburua kaleratzeko asmotan dabilela.

Julia Donaldson-ek (Londres, 1948) eta Axel Scheffler-ek (Hanburgo, 1957) hogei urte baino gehiago daramate lankidetzan eta, dagoeneko, tandem arrakastatsua izatera iritsi dira grufaloen istorioekin, bitartean alaba ere izan du Grufalok.

Baina… «Zer da grufalo bat? Ez al dakizu oraindik?».

Ipuinaren hasieran baso sakon ilunean sagutxoa aurkezten zaigu, eta esango du beste animaliek ez jateko eta biziraun ahal izateko grufalo misteriotsu eta izaki beldurgarriarekin geratuta dagoela. Horrela egiten du azeria, hontza eta sugearen aurrean, horrela salbatuko du burua benetako grufalo batekin topo egin arte, asmatutako pertsonaia agertzen zaion arte. Saguak berezko duen adimen zorrotza eta trebezia baliatzen du munstro handiari irabazteko.

Istorioari erritmoa emateko animalien elkarrizketak errepikatzen dira, galdera eta erantzunen bitartez kontakizuna aurrera doa. Jatorriz, ipuin errimatua da, baina euskal itzulpenak prosa aukeratu du. Ez da gorde ipuinak duen aparteko dohaina eta arrakastaren giltzarrietako bat. Jatorrizko testuaren izaerak zuen aberastasuna bidean geratu da, sonoritatea galdu du, bizitasuna. Nago itzultzaileak poema edo bertso baten ezaugarrietara ekarri izan balu, liburu honek aukera gehiago izango zukeela haurraren memorian betirako geratzeko. Horrekin guztiarekin ere, egitura zirkularrak laguntzen du erritmoa mantentzen eta, gainera, umeari ozen irakurtzen badiogu, liburuak aukerak ditu arrakastatsua izateko.

Ilustrazioak dira ipuin honen beste berezitasun bat, orrialde osokoak batzuk. Hasiera eta amaierako orrialdeetan basoaren paisaia agertzen zaigu, zuhaitz eroriek ezkutuko animaliaren bat agertzeko beldur-sentsazioa sortzen diguten bitartean, pentsatzen dugu: «Non ote da munstro izugarri hori?».

Irudi oso adierazgarriak ilustratzaile handi honenak. Munstroaren itxura beldurgarria da, atzaparrak, letaginak, hortzak, begiak… hobeto ikusteko, borobil batean handituta. Maurice Sendak egin zituen piztien antzera, izaki zirraragarriak. Izugarriak eta, aldi berean, maitagarriak.

Alegia edo fabula morala izateko ezaugarriak ditu ipuinak, helburu kritikoa, satirikoa eta didaktikoa baitu. «Zer nahiago duzu? Abilezia edo indartsua izatea?». Zentzu horretan, gogoeta bultzatu dezake, gaiak erakusten baitu txikiak baduela aukerarik handi eta boteretsuei irabazteko. Haurrari segurtasuna emateko balio dezake, trebetasuna eta talentua erabiliz gero. Baina, batez ere, “Grufaloa” ipuin barregarria eta dibertigarria da, goxoa eta irribarre egiteko aproposa.