Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Bihotzaren biguntzea elur bustian

Ramirok bidaia hasi du; etxetik aldendu eta Hegoaldera abiapuntua jarrita errepideen eta autobideen bazterretik oinez joaten da ohiko bizimodua atzera utziz. Erraza da asmatzea zer gertatu zaion Ramirori, ez hainbeste, ordea, fisikoki imajinatzea, bere barrenean sartzea, eramaten zuen egunerokotasuna margotzea edota psikologikoki mugatzea. Pertsonaiari buruz zertzelada gutxi ematen ditu Pello Lizarraldek, eta gutxitasuna bera da irakurketarekin aurrera jarraitzeko grina sustatzen duen liburuaren akuiluetariko bat, Ramiroren iraganaren ezagutzarik ez izateak kuriositatea piztearen ondorioz, gehiago jakin nahi baitugu. Hala ere, liburuan agertzen diren beste pertsonaiekin erakusten duen jarrera edo zenbait pasartetan babesgabe ikustea nahikoa da haren izaera azaleratzeko eta gure enpatia bereganatzeko.

Hauxe neure buruan eraiki dudan Ramiroren argazkia: bikotea eta bi ume zain ditu; langilea da, baina aspalditik langabezian; itotzen duen egoera batetik ihesean dabil, ziur aski, familia mantentzeko ezintasunak bultzatuta; estutasunak eta kalean bizitzeak bat-batean harrapatu dute; duina eta bihotz onekoa dirudi, baita etsia ere, akaso arazo konplikatuei aurre egin behar dielako. Road movie gisako eleberrien antitesia da “Elur bustia”, herrenka baitoa denbora eta protagonistak autobideen abiadura urrunetik ikusten baitu. Bestalde, garratza da gaia, izan ere, nobela errealitate gordinaz aritzen da, hezur eta haragizko gizakiaz, lan prekarioaz eta sarritan hain beharrezkoa den bakardadeaz; are gehiago, idazlearen lanabesa da gaur egungo munduak eskaintzen digun giza-espektakulua. Irtenbiderik dagoen ez dakigu, bai, aldiz, eusteko irlak, Ramirok bidean topatzen dituenak, arnasa hartu eta oztopoak gainditzeko geldiuneak eta hausnartzeko egokiak direnak. Alabaina, ibilbidean ezagutzen dituen gizabanakoen eta bere artean eraikitako harresiak narrazioa zeharkatzen du, horrela pertsonaiak daukan kontatzeko ezintasuna oso argi islatzen da.

Badirudi Ramiro labirintoaren barruan dagoela. Bidea ez-lekuetatik egiten du, hau da, igarobideak besterik ez diren geltoki, gasolindegi edo industrialdearen zirrikituetatik, eta labirintotik askatzeko hari bakarra etxera egiten duen noizbehinkako deia da; beraz, nago pertsonaiak bidaia fisikoa egin ez ezik, espirituala ere egiten duela, testua aurrera doan ahala Ramiroren eraldatze emozionala esanguratsua baita. Errepidea existentziaren iragatearen sinboloa da, mugimenduarena, abiadurarena ere bai, baina Ramirok bide zuzena saihesten eta, erantzunen bila, xehetasunei erreparatzen die bizitza berriz osatu behar duelako, hortaz, kutsatzen digun baretasuna –egoera txarra pasatzen ari den arren– deskripzioetan aurkitzen dugu. Horren harira, esan behar dugu Lizarraldek paisaien eta bideen detaileetan hartzen duen denborak oso irudi poetikoak eta sinbolikoak sortzen dituela irakurketa pausatuaren gonbidapena luzatuz. Dena dela, funtsezkoa da Ramirok bideari ekitea eta denboran eta espazioan aurre egitea, horretarako, nolabaiteko egitura episodikoaz baliatzen da egilea, bada ia segmentu narratibo bakoitza pertsonaiaren pasadizo batek osatzen du. Bukatzeko, izenburu iradokitzailea aipatu nahi nuke, Elur bustia bihotzaren metaforatzat hartu baitut; zergatik? Urtu egiten den elurra bidearen ziurgabetasuna eta Ramiroren gogortasuna urtzen diren mementoan agertzen delako. Behintzat, elur bustiaren artean erantzuna topatzen du protagonistak, ez ordea konponbidea.