Ander Lasagabasterrek «XL» bidearentzat9a proposatu du
Pasa den ekainaren 12an, arrasatearrak Baltzolan dagoen 55 metroko xede hori kateatzea erdietsi zuen. Marra ikusgarri horrek, berez, «Ziarrukito» (8c+) eta «White zombie» (8c) bideak lotzen ditu.
Ander Lasagabasterrek bederatzigarren esferari neurria hartu dio. Hori da, bederen, guk uste duguna. Apirilean “Begi puntuan” bidearekin hirugarren 9a sinatu zuen; alabaina, arrasatearrak aipatu zuen metodo ezberdin bat erabili zuela eta 8c+/9a bezala utzi zuen.
Bi hilabete besterik ez dira pasatu eta lerrootako protagonistak laugarren 9a patrikara sartu du. Baltzolan izan da, eta esku artean zuen helburuak “XL” du izena. Eskalatzaile hau izan da marra hori igotzen lehena, eta harentzat 9a proposatu du.
Kateatu duen xedeari dagokionez, aurreratu behar dugu 55 metro luze dela; hots, trekking luze-luze bat koba horretako sabaitik. Eta beste datu bat: “XL” bi bideren lotura da; hain zuzen ere, Dani Andradak asmatutako lotura. Horrekin esan nahi dugu Lasagabasterrek sinatu duen proiektuak bi bide lotzen dituela: “Ziarrukito” (8c+) eta “White zombie” (8c). Hitz batean esanda, erabateko jarraitutasuna duen proposamen berri bat da.
Oso ikusgarria
Lasagabasterrek aitortu du eskuarki loturak dituzten bideek bera ez dutela motibatzen: «Hala ere, marra horrek asko erakarri ninduen, besteak beste, sabai osoa zeharkatzen duelako. Ikusgarria da oso! Bestalde, aurreratu behar dut ‘Ziarrukito’ eta ‘White zombie’ eskalatuta nituela; hots, ondo baino hobeto ezagutzen ditut. ‘White zombie’ nire lehen 8c izan zen eta duela 17 urte igo nuen; hain zuzen ere, 18 urte nituela. ‘Ziarrukito’, berriz, duela bi urte egin nuen».
Arrasatearrak aurreratu du “XL” askatzea kosta egin zaiola baina ez gehiegi: «Iaz hasi nintzen probatzen, baina batez ere azken hilabetean jo eta su jardun nuen. Ez dakit zenbat ekinaldi egin ditudan. Dena lotzea gogorra egin zait. Baina arestian esan dudanez, azken asteetan sasoiko nengoen eta bidea egitea hurbil ikusi nuen. Oso-oso hurbil ikusi nuenean saio bat egiten nuen soilik. Zaila zen ekinaldi baten ostean errekuperatzea; izan ere, oso luzeak ziren».
“XL” bidearen ezaugarriei dagokienez, aipatu dugu oso luzea dela eta sabaia zeharkatzen duela. Lasagabasterrek honako hauxe gehitu nahi izan du: «Pauso oso-oso zailak ez ditu, baina mugimendu guztien batuketa (makina bat dira) eta marrak duen jarraitutasunak zailtasuna ematen diote. Ziur aski egin dudan biderik luzeena izan da. Eta uste dut izaera horretako marren artean klasiko nagusi bat izango dela. Zalantzarik gabe bide ikusgarri horretan asko gozatu dut».