Irigoien buru dela jokatuko da Euskal Herriko finala
Errezildarrarekin batera, Urruzuno, Izeta IV.a eta Eizagirre ere lehiatuko dira harri txikien txapelaren bila.
Euskal Herriko Harri Txikietako finala jokatuko da bihar, 18.00etan, Alegiko Larraitz plazan. Aimar Irigoien, Izeta IV.a, Iñigo Eizagirre eta Inhar Urruzuno izango dira parte hartuko dutenak.
Kirolari bakoitzak, 125eko zilindroa, pisu bereko errektangularra, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin aritzeko hiru minutuko txanda bana izango dute.
Aimar Irigoien tartean da eta, dudarik gabe, bera izango da garaipena lortzeko faboritoa. Errezildarrak Gipuzkoakoa ere irabazi berri du, eta orain Euskal Herrikoarekin jarraitu nahi du. Urruzuno ezustea emateko asmotan etorriko da, eta Izetak ere aurreko biak estutu eta gutxienez bigarren postua nahiko du. Zailen Eizagirrek izango du, baina galtzeko ere ez du ezer izango.
Harriekin jarraituz, baina harri-zulatzera pasatuz, Euskal Herriko Ligako bosgarren jardunaldia jokatuko da, eta hori Santurtziko portuan izango da, gaur 13.00etan. Bertan, Piratak, Ereño, Aldai Alde, Errekatxo, Burdin Gazteak eta Kabiezes lehiatuko dira. Orain arteko saio guztiak Ereñok irabazi ditu, eta sailkapen nagusian ere aldeak handitzen ari da. Gaurkoan ere garaipena lortuko balu, txapeletik gero eta gertuago izango litzateke, jadanik aurrekoei alde dezentea ateratzen baitie.
Eta idi-probetan, berriz, apustua jokatuko da gaur Aiako probalekuan, 20.00etan, Erreistaren eta Iartzetaren idien artean. Alde bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan.
Sokatira eta aizkora
Sokatiran, Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa amaitzeko maila bakarra geratzen da. Beste hiru jardunaldi besterik ez, eta aurtengoak egina izango du. 580ko mailakoa baino ez da falta bukatzeko, eta gaur bertan ekingo diote lehiaketari Erandion, 17.30ean.
Orain arteko txapel guztiak Goiherriren eta Gaztediren artean banatu dira. Laukizkoek bi irabazi dituzte, eta Erandiokoek, berriz, bakarra. Beraz, Goiherrik azken aukera izango du Gaztediren parean amaitzeko.
Pisu honetan garbi dago bi talde horien artean egongo dela txapela, eta ez bakarrik orain arteko saio guztietan Goiherri A eta Gaztedi A beste talde guztien gainetik agertu direlako, parte hartuko duten sei taldeetatik bost izango direlako bi horienak.
Ondorioz, Gaztedi A, B eta C izango dira Laukizkoen aldetik, eta Erandiokoen aldetik, Goiherri A eta B. Gainera, Akelarre taldea izango da horiekin batera lehiatzen.
Aizkoran, berriz, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi saio izango dira, eta gaur bertan jokatuko dira biak. Goizean, 13.00etan, Zornotzan lehiatuko dira Donato Larretxea eta Arkaitz Jauregi. Arabarrak joan den astean ez zuen lehiatzerik izan, baina gaurkoan bi saio jokatu beharko ditu.
Joan den astean, lehiatzerik ez eta, Mugertza II.ak ordezkatu zuen, eta gauzak primeran egin zituen garaipena lortu baitzuen mutrikuarrak, arabarrari bi puntu emanez. Ilarduiakoak neurketa gaiztoa izango du Larretxea beteranoaren aurka eguerdian.
Baina atseden hartzeko tarte handirik ere ez du izango, iluntzean, 20.00etan, Santutxun arituko baita Aitzol Atutxaren aurka. Goizekoa gaiztoa, eta hau okerragoa, txapelduna izango baitu aurrean.