Birjinazaleak, han eta hemen
Zenbat aldiz ez ote dugun barre egin neska-lagunon artean, gutxienez beste pertsona bat ere barne hartzen duen sexurik gabeko garai latzetan, himena birsortuko zitzaigula eta ez zitzaigula. Burutik pasatu ere egin gabe himena berreraiki daitekeenik; are gutxiago inork nahita, eta ordainduta, horretara jo dezakeenik. Errealitateak, ordea, fikzioa gainditu ohi du.
Marokon, birjintasunaren seinale hori berregiteko sukarrak jota omen dabiltza emakumeak, esan nahi baita aurretik sarketazko sexu-harremanen bat izan duten emakumeak. Apetagatik ez dute egiten, ez eta moda inozo eta eroen mundu honetan haren une gorena delako ere, baizik eta senargaia lasai eta pozik egon dadin, ez dezan bertan mespretxatu eta utzi, bere gizontasunaren ezaugarririk preziatuenarekin birjina bat zeharkatuko duelako ilusioa izan dezan, are gizonago senti dadin.
Hemen, askok pentsa dezakete nolatan sartzen diren erokeria horretan hango andrazkoak; nolatan ez dieten egiten uko haiek, beren onerako, gizon birjinazaleei; nolatan onartzen duten, eta ezkutuan burutu, batzuen eta besteen bizitza sexualari dagokionez hipokrisiaz eta matxismoz blaituriko jendarte horren eskakizun gaitzesgarri horri. Horiexek erraz pentsa daitezke, beste behin oharkabean edo ohartuta emakumeari berari errua egotzita, nolabaiteko ustezko nagusitasun moraletik. Hemen, dagoeneko, horretatik guztitik salbu egongo bagina bezala, emakumeok sexuari dagokionez ere erabat ahaldunduta egon, eta gure gizonezkoek horrela erabat onartuko bagintuzte bezala. Hemengo emakumeok ere, sarri oraino, bikotekidearen arabera jokatuko ez bagenu bezala, lasai eta pozik egon dadin, ez gaitzan bertan mespretxatu eta utzi, bikotekide perfektua garelako ilusioa izan dezan.
Hemen, emakumeoi –gehienoi, behintzat– ez zaigu eskatzen gure birjintasunaren frogarik, baina kontuz, gero, birjina izateari utzi zenionetik izandako maitale-kopurua onartuz gero (benetakoa, esan nahi dut). Kontuz patriarkatuaren aburuz normalaren eta promiskuoaren arteko marra gorria zeharkatzearekin, eta kontuz sexuaz ozen eta argi mintzatzearekin, zeure desira zein eskarmentutik. Orduan, Marokoko bezainbesteko gure jendarte hipokrita honetan, estigmatizatua izango baitzara, emakume harro, polemiko eta ninfomanatzat joa. Biziki espero dut zuri zeuri bost axola izatea, eta sexualitatean denok eraisteko ditugun harresiak gozamenez eta duintasunez botatzen laguntzea.