Non saltzen da sen ona?
Seguru asko Baionako auzapezak eta herritarren segurtasuna bermatzea eginkizun duten gainerako arduradunek ez dituzte berehalakoan ahaztuko aurtengo festak. Ezta kazetariok ere. Niza eta Saint-Etienne-du-Rouvray-ko atentatuek eragindako beldur eta kezka giroa presente izan da hain jendetsuak izaten diren jaietan. Testuinguru berezi horretan psikosia ez hedatzeko baina aldi berean errealitateaz informatzeko oreka bilatzen lanak izan ditugu. Zorionez denontzat ez da deus gertatu eta ekitaldi batzuk kendu edo moldatu badira ere, festak egin egin dira.
Hurrengo egunetan agintariek balantzea egin zutenean pozik agertu ziren udal zerbitzuak, segurtasun indarrak eta oro har eragileak eta herritarrak izandako elkarlanaz eta jarreraz. Prefetak, halere, hedabideei halako ohartarazpena bota zigun «deontologia profesionalari» aipu eginda. Argitaratzen dugunarekin kontu handiz ibiltzeko, alegia. Egun horietan «sekulako astakeriak eta denak gezurrak» zabaldu zirela-eta. Hala izan zen baina, batez ere, zurrumurruek ez berak ez guk kontrolatzen ez ditugun sare sozialetan zuten iturburua.
Gobernuak eta Estatuko zerbitzuek badakite, halako testuinguruan, neurriak neurri, ezinezkoa dela zero arriskua bermatzea baina «zerbait» (edo asko) egiten dutela ere erakutsi behar dute. Polizia eta militarren presentzia bera lasaigarri da batzuentzat eta psikosi eragile besteentzat.
Jakina da izua kutsakorra dela eta horri aurre egiteko sen ona besterik ez dagoela. Agian Mendebaldeko gobernuek, zurea tartean, prefeta jauna, aurretik gehiago erabili izan balute ez ginateke orain trantze tamalgarri hauetan.