Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Aimar Irigoien eta Inhar Urruzuno aurrez aurre izango dira Ergobian

Egungo harri-jasotzailerik onenetakoak neurtuko dira bihar, Ergobiako plazan, 17.00etan hasita, bertako harri baldarrarekin lanean. Uda garaia aproposa izaten da oso gutxi erabiltzen diren harri hauek dantzan jartzeko, eta hemen maila handiko kirolariak izango dira.

Irigoien, Galarraga, Urruzuno, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Telleria II.a eta Lopetegi izango dira lanean arituko diren kirolariak. Harri-jasotzaile bakoitzak 10 minutu izango ditu 104 kilo pisatzen dituen harri baldar honekin jarduteko.

Harria bera ez da astuna, baina zaila jasotzeko baldar guztiak diren bezalaxe, eta horrek zailduko dizkie gauzak harri-jasotzaileei. Irigoien eta Urruzuno pasa den uztailean jokatu zen Euskal Herriko Txapelketatik ofizialki neurtu gabe zeuden, eta hemen izango dute aukera. Orduan bizkaitarrak aurre hartu zion errezildarrari, txapela jantziz. Izeta II.a ere han izango da, eta Aiako kirolari beteranoak seguru lan ona egingo duela.

Harriekin jarraituz, idi-proba apustua jokatuko da bihar, 18.00etan, Azkoitiko pilotalekuan. Bertan Iartzetaren eta Lopategiren idiak neurtuko dira, uztarri bakoitzak etxeko itzaina duelarik.

 

Herriz herri

Nafarroako Herriz Herri Txapelketan laugarren jardunaldia izango da gaurkoan Ororbian, 17.30ean. Atzo gauean jokatu zen Burlatan hirugarrena, eta gaur izango da finalaren aurretik jokatuko den azkena.

Artzanegi, Berriozar eta Bera izango dira lanean arituko diren taldeak. Gaurkoa eginda, finala bakarrik geratuko da jokatzeko, eta hori Andosillan izango da irailaren 11n, 13.00etan hasita.