Botoa ematea, ekintza arrazionala? Emozionala?
Politikaz hitz egiten denean, pentsatu ohi da botoa ematea hautaketa arrazionala dela. Programak irakurri eta politikak ebaluatu ondoren erabakitzen dela zeini eman botoa. Boto-emaileei berriak argudio logikoekin lortzen direla, hautagaien eta beren promesen aldeko eta kontrakoen azterketa zehatz bat egin ondoren. Badira teoriak botoaren zentzua klase sozialak, leialtasun tribalak edota uste ideologikoen sendotasunak determinatzen dutela diotenak. Kontu konplikatua da, bai, eta, teoria denekin bezala, sinestunak eta ateoak daude, ortodoxoak eta heterodoxoak, soziologoak eta psikologoak.
Nik uste, gure portaera politikoan, botoetatik hasi eta ideologiaraino, arrazionalizazio eta kalkulu hotz batek baino gustu subjektiboek eragiten dutela gehiago, emozioek eta sentimenduek agintzen dutela. Maila batean edo bestean, botoa ematea ekintza irrazionala dela, azken buruan, emozioek beti irabazten dutelako. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan, bi emozio hauetako batek determinatuko du zein izango den munduko agintaririk boteretsuena: beldurrak ala gorrotoak. Historian izan diren presidentegaien artean onespen baxuena dutenen arteko lehian, zein izango da emozio indartsuagoa? Donald Trumpek eragiten duen beldur eta mehatxua ala elitearen aprobetxategia den Hillary Clintonen gorroto eta mesfidantza?
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeetarako hilabete eskas falta den honetan, nik argi dut: Arnaldo, Maddalen, Jasone eta Miren aberkide askoren emozioak pizten eta sentimenduak zirraratzen ari dira. Seinale on-ona benetan.