Aletxu Zobaran Arriola eta Ibon Goieaskoetxea Arronategi
Valence-ko zigor ziegetan
GUTUNAK

Sakabanaketa areagotzeari stop!

Valence-ko espetxe honetara pasa den ekainean ekarri gintuzten unetik argi ikusi genuen frantziar agintariek beste eraso politiko bat burutzen zutela gure aurka, sakabanaketa areagotuz. Orduan erantzun beharrean, denbora tarte bat utzi genuen prozedura legal eta administratiboak martxan jartzeko. Horrekin batera, erasoaren neurria ondo aztertu nahi genuen.

Azken urte hauetan gatazka politikoaren konponketa bideratzeko lehen puntuetako bat dugu Euskal Preso Politikoon gaineko salbuespen neurriak bukatzea. Gaixotasun larriak dituzten Euskal Preso Politikoen askatzea eta beste guziok elkarrengana biltzea eta Euskal Herriratzea adierazpen ofizial guztietan agertu da lehentasun gisa.

Frantziar estatuari dagokionez, Pariseko Bake Foroan edo Ipar Euskal Herrikoan, Frantziako ordezkari politiko eta instituzional ezberdinek puntu honen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz. Sakabanaketaren areagotzearekin, Valenceko espetxera Euskal Preso Politikoak ekarriz, Pariseko agintariek ttu egiten diete aurpegian ordezkari eta pertsonalitate hauei guztiei. Gainera, gure herriaren eskaria da sakabanaketa eta salbuespen politika bukatzea, Euskal Herriko jaietan eta bestelako herri topaldietan ikusi ahal den bezala. Zentzu komuneko zilegizko eskakizuna da, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboan urteak daramatzagu horren alde borrokatzen. Frantziar agintariek ez dituzte euren legeak ere errespetatu nahi, eta gainera gezurretan aritzen dira. Familiatik gerturatzea izan da espetxe honetara gu ekartzeko erabili duten argudio faltsua.

Horregatik guztiagatik eta baita espetxe honen ezaugarri bereziengatik ere, hemen gauden kideok behartuak gaude sakabanaketaren areagotzeari STOP! esatera borrokaren bidez. Horrela, abuztuaren 8tik aurrera espetxe hau errefusatu dugu eta zigor ziegatan konfinatu gara gure kabuz. Horrekin batera, uko egin diogu bisita eskubideari, gure gertukoei bidaiaren 2.000 kilometroak ekidinez.

Euskal Herritik gertu, kideekin biltzea exijitzen dugu.

Bitartean, determinazioarekin eta herriarekin bat eginik, guztiok batera inposizioari garaipen txiki hau aterako diogu Euskal Preso Politikoontzat sekula zabaldu behar ez zen Valence-ko espetxea sakabanaketaren mapatik ezabatuz.