Arnasa sakon hartu eta begi-belarriak tentetu
Gure garuna energia aurrezteko makina omen. Pulamentuzko arrazoirik eduki ez eta erabaki bat hartu behar badu, bidetxurra hartzen du, intuiziotik datuetatik baino gehiago izaten duen bidea.
Botoa nori eman eta zergatik gauza oso serioa da herritar askorentzat, baina egon seguru batzuk bidetxurretan dabiltzala; irribarreei, alkandorei eta eskoteei begira. Eta politika ikuskizunera gerturatu den garaiotan, gehiago. Beraz, arnasa sakon hartu eta patxadaz prestatu kanpainarako. Sinpatikoak izaten saiatuko dira, topera. Eta norbait begiko badugu, eskuzabalagoak izaten gara eta haren eskakizunak betetzeko prestuago egoten gara. Baina sinpatia eta lidergoa ez datoz beti eskutik. Hori gutxi batzuen bertutea da.
Kidekotasunak ere baldintza dezake botoa. «Gu bezalakoa da, normal-normala». Hizkerak, zaletasunak, ohiturak... jendartearen zati handi batekin partekatzea segur aski ez da kasualitatea ‘kanpaina’ deitzen den sasoian. Diru asko gastatzen dute boto-emailea nola konbentzitu diseinatzen.
Kaleak hautagaien aurpegiarekin papereztatzea alferrik samarrekoa iruditu daitekeen arren, frogatuta omen dago botoa ‘aurpegi ezagunenari’ emateko joera dagoela.
Egia esan, hauteskunde garaian psikologiaz eta soziologiaz irakurtzeak ileak tente jartzen dizkit. Gure erabakiak uste dugun bezain libreak balira, kanpainetan ez lukete poseetan inbertituko, ideietan baizik. Belarriak eta begiak erne esaten dutenari, esaten ez dutenari eta aldiro desberdin esaten dutenari. Ez gaitezen galdu bidetxurretan, herri bat egin behar dugu-eta.