Emaitza gazi-gozoa keuskal lehiakideentzat
Eskaladako Espainiako Txapelketan, nagusien mailan, podiumera igo den bakarra Iñaki Arantzamendi izan da; hirugarren postua lortudu. Bitartean, Europako Txapelketan, gazteen mailan, posturik onena Andoni Espartak lortu du; bosgarrena izan da.
Hilaren lehen asteburuan, eskaladako euskal lehiakide sasoikoenek pare bat hitzordu garrantzitsu izan dituzte. Nagusien mailan, adibidez, Zaragozan, Espainiako Txapelketa jokatu da. Austriako Mitterdorf herrian, berriz, Gazteen Europako Txapelketa.
Emaitzei dagokionez, oro har esan daiteke gazi-gozoak izan direla. Horien guztien artean azpimarratzekoak dira Iñaki Arantzamendik Fedmeren lehian lortutako hirugarren postua eta Andoni Espartak Europako Txapelketan sinatutako bosgarrena.
Espainiako Txapelketaren kronikarekin hasiko gara. Lehen aldiz, lehia nagusi honek hiru txanda izan zituen: sailkapenak (bi bide), finalerdiko bide bakarra eta finala. Aipatu beharra dago Zaragozan ez zuela eskaladarako giro egokirik egin; izan ere, finalerdiak 41 graduko tenperaturekin jokatu ziren. Zortzi neska eta zortzi mutil igaro ziren finaletara.
Carles Brasco, Carlos Garcia eta Dani Andradak ekipatzaile lanetan jardun zuten. Finaleko nesken bidea nahiko erraza izan zen (gutxi gorabehera, 7b gradukoa), eta, horren ondorioz, bost lehiakide gai izan ziren katera heltzeko. Tartean, Zuriñe Arrue zegoen. Beraz, finalerdiko bidean eginiko lana kontuan hartu zen, eta irabazlea Helena Aleman izan zen; Arruek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Miriam Mulas ere finalean lehiatu zen, eta zortzigarren postua eskuratu zuen.
Mutilek, bestalde, 8a+ inguruko bide batean eskalatu zuten; ekipatzaileek bide gogorra eta nahasia prestatu zuten. Ezustekorik ez zen izan, eta Ramon Julian, bidea kateatu ondoren, bere bederatzigarren tituluarekin egin zen. Finaleko txanda horretan soilik euskal ordezkari bat izan zen: Iñaki Arantzamendi. Lan ederra egin ondoren, podiumaren hirugarren koskara igo zen. Ondarroarra argi asko erakusten ari da lehiaketetan ondo moldatzen ari dela azken bolada honetan; izan ere, makina bat podium patrikara eramaten ari da.
32 lehiakideen artean beste euskal ordezkari batzuek parte hartu zuten, eta aipatzekoa da Ibai Isusi hamargarren postuan sailkatu zela.
Andoni Esparta, bikain
Euskal selekzioko nagusiak Espainiako Txapelketan lehiatu ziren bitartean, gaztetxoenak Europako Txapelketan aritu ziren, hori bai, Espainiako selekzioaren izenean. Austriako Mitterdorf herrian honako euskal herritarrak izan ziren: Bittor Esparta, Mikel Linazisoro, Muriel Ruiz de Larramendi, Eneko Carretero eta Andoni Esparta.
Gazteen mailan, Bittor Espartak sekuentzia batean akats bat egin zuen, eta finaletik at geratu zen. Azkenean, 20. postuan sailkatu zen.
Youth A mailan, berriz, gure ordezkari indartsuenek parte hartu zuten: Linazisorok eta Ruiz de Larramendik. Eta zalantzarik gabe, oso emaitza gaziak izan zituzten. Linazisororen kasuan gogora dezagun hitzordu nagusi horretako iazko txapelduna zela. Zoritxarrez, ez zuen egun ona izan. Txapelketara sasoiko iritsi zen, baina finalerdietako diedro gogor batean huts egin zuen. Horren ondorioz, ez zen finalera pasa eta gipuzkoarrarentzat batere normala ez den 23. postua lortu zuen.
Ruiz de Larramendik, berriz, ez zuen zorte handirik izan. Zaila ez zen sabai batean oin batek irrist egin zion; hala, oreka galdu eta beso batetik zintzilik geratu ostean erori egin zen. Nafarrak 26. postua sinatu zuen.
Eta Youth B mailan, Andoni Espartak “ezustekoa” eman zuen. Bikain eskalatu zuen, eta, txapaje batean akats bat izan arren, bosgarren postuan sailkatzea lortu zuen. Finaletan egon zen euskal ordezkari bakarra izan zen. Amaitzeko, aipatu Carretero nazioarteko lehietan oso indartsu ikusten ari garela. Azken hitzordu horretan finalera sailkatu ez zen arren, 12. postu oso on bat erdietsi zuen.