Jon GARMENDIA
XILABA

HELDU ZIRENAK ETA HELDU DIRENAK

XILABA, ZUBEROA, LAPURDI ETA NAFARROA BEHEREKO BERTSOLARI TXAPELKETA ABIAN DA; DONIBANE LOHIZUNEN IZAN ZEN LEHEN SAIOA ETA EZUSTEKO HANDIRIK GABE AMETS ARZALLUS NAGUSITU ZEN.

Donibane Lohizunen elkartu ziren atzo lau bertsolari heldu: Amets Arzallus, Miren Artetxe, Ramuntxo Christy eta Egoitz Zelaia, eta bi heldu berri: Kerman Diaz eta Nahia Sasco. Aurten, Xilaba txapelketak Ahetzeko Mattin Trekuren esaldi bat du ardatz: “Xahar batentzat hamabortz gazte heldu direla ondotik”. Bada, esaldiari ohore eginaz Ipar Euskal Herrian ugaritzen ari diren bertsolariak kantuan ikusi genituen atzokoan, urduri baina gogotsu, teknika menperatzen dutela agertuz, eta beren baitako arrazonamendu ederrak eskainiaz. Entzuleen artean ere geroan kantatuko duten bertsolari eta bertsozale anitz, elkartean eta bertso eskoletan egiten den lan onaren seinale; baina helduak ere hor dira oraino, eta horren erakusle Amets Arzallusen itzulera indartsua. Egia erran, hendaiarra erreferentzia handia bilakatu da urteotan lurrotako bertsolaritzan eta handiegia da bera falta denean nabari den zuloa, azkenengo txapelketakoa kasu.

Areto txukuna da Ravel, Donibane Lohizuneko hondartza handiaren gainean, itsasoari begira; Amets Arzallusek agurrean aitortu zuen moduan, ordea, sauna bat zirudien atzo, eguzki galdek kristaletatik beroa islatzen baitzuten, eta beroarekin bertsoak txalotzea baino liburuxkak haizemaile gisa baliatzea nahiago izan zuen aretoa mukuru bete zuen entzuleak.

 

Ametsen diferentzia

Saio arina izan zen, eta bertsolari guztiek utzi zituzten gogoan hartzeko aleak. Bukaeran, ordea, puntu diferentzia nabarmena Arzallusen alde; 399,5 punturekin nagusitu zen, eta ondotik Artetxe (363), Christy (331,5), Sasco (327), Zelaia (320,5) eta Diaz (301) sailkatu ziren.

Bertso bat hautatzekotan, Arzallusena. “Erridaua” ezarri zioten hitz gisa, gehienez bost puntuko bertsoa osatzeko: «Zenbat erridau gure leihotan hasi ezkero kontatzen/ jende gehienak ikusten ditut beste aldera tiratzen/ eta orduan gelditzen dira ilunari begiratzen/ agian zer den egia ikusten ez direlako ausartzen/ nik nahiago dut ireki eta munduari utzi sartzen».