Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Chris Sharma psikoblokearen mugak astintzen

Eskalatzaile estatubatuarrak dio Mallorcan eskalatutako «Alasha» bidea igotzea9b-ren parekoa dela. 20 metro luze da, eta 18 metrora 8b graduko blokekosekuentzia bat du; hor dozenaka eroriko izan zituen.

Chris Sharma muturreko zailtasunean iraultzaile bat da. Hori argi eta garbi dago. Kirol eskaladan (hein batean blokean ere bai) protagonista historikoa dugu; hots, espezialitate horri asko ematen ari zaio. Era berean, eskaladaren beste adar batean, psikoblokean, gauza bera erakusten ari da.

Harrigarria da estatubatuarrak –urte asko darama Katalunian bizitzen– nola uztartzen dituen muturreko zailtasuna eta konpromisoa. Gradu teknikoari dagokionez, Sharma elitean da, baina psikoblokeak buruari exijitzen diona nola kudeatzen duen ikusteak ahoa bete hortz uzten du edonor. Labur esanda: zailtasuna soka gerrira lotu gabe, eta balizko eroriko handiak eta arriskutsuak itsasoan.

Bada, duela pare bat aste, Sharmak psikoblokean beste mugarri bat jarri du. Mallorcako ipar-mendebaldean “Alasha” izeneko bidea kateatu zuen. Bere ustez, 9b inguruan egon liteke: «Kirol eskaladako 9b graduko bide batek eskatzen duen esfortzu antzeko bat izan da. Gertatzen dena da, psikoblokean gradua ekuazioaren zati bat besterik ez dela. Eta, beraz, ezin da kirol eskaladarekin alderatu; izan ere, sokarekin eskalatzen duzu. Horregatik, psikoblokeak harrapatuta nauka; eskaladaren testuingurutik at dago».

Mugak hausten

Irakurleak beharbada gogoan izango du protasgonistak berak duela justu hamar urte, Mallorcan ordukoan ere, “Es pontas” igo zuela. Itsasotik bertatik altxatzen den arku erraldoi bat eskalatu zuen, eta 9a graduaren inguruan utzi zuen.

Estiloari dagokionez, Sharmak onartu du “Es Pontas” eta “Alasha” ezberdinak direla. Azken horri dagokionez, gehitu du bost urteko lana eskatu diola: «Miquel Rierak eta biok aurkitu genuen marra hori. Bidea ondo aztertzeko rapelatu egin nuen. Makina bat saio egin ondoren, ohartu nintzen eraginkorragoa izateko top-ropean eskalatu behar nuela. Joan den irailean itzuli nintzen, eta goiko sekzio gogorra sokarekin probatu nuen. Tarte hori menderatu ondoren, behetik eta sokarik gabe saioak egin eta azkenean igo dut».

Kontuan hartu beharreko datu adierazgarri bat: bidea 20 metro luze da eta 18 metrora 8b graduko blokeko sekuentzia bat gainditu behar da. Horretan, Sharmak makina bat eroriko izan zituen: «Garaiera horretan ondo erortzen jakin behar duzu, eta horrek eskalatzen duzunean eragin zuzena du».