Jon GARMENDIA
XILABA

AMETS ARZALLUSEK FINALERAKO URRATSA EGIN DU

NAFARROA BEHEREKO AIZIRITZEN JOKATU ZEN XILABAKO HIRUGARREN FINALERDIA 150 BERTSOZALEREN AITZINEAN. AMETS ARZALLUS SUSTRAI COLINAREN ORDEZ JARDUN ZEN, ORDU BATZUK LEHENAGO AITA BIHURTU BAITZEN URRUñARRA. MADDALEN ARZALLUS IZAN ZEN BIGARREN ETA MIREN ARTETXE HIRUGARREN.

«Goizean Sustrai iratzarri da hosto berriz loraturik/ hasi nahi nuke netxeko hiruer zorionak banaturik/ eta ni hemen azken orduan antolakuntzak deiturik/ erran diet ‘bai’ lehendik nuela egun hau libre harturik/ eta gainera aita izateko ez dudala arriskurik». Agurrean Arzallusek aipatu bezala, Sustrai Colina aita izan zen bezperan eta hendaiarrak bete zuen haren tokia. Miren Artetxek ere Aiziritzeko finalerdiaren xehetasun garrantzitsu bat ekarri zuen gogora; hau da, nekez ikusi dira lau emazte batera herrialde bateko bertso txapelketan, eta hiru herrialdetako finalerdi batean nehoiz ez: «Emazteak betidanik arizan dira bertsotan/ nahiz izenak desagertu historiaren errotan/ Aña Deabrua zen bat garaitezina ditxotan/ Marie Argain Kanbokoa beste bat aipatzekotan/ Marie Louise Osorio lehena Sarako lore jokotan/ beste zenbat izengabe kantuz sukalde zokotan/ ta ikusirik lau neska gaudela egun seiotan/ emazte haien indarra sentitzen dut oholtza hontan».

 

Saio apala ale ederrekin

Ale ederrik izan bazen ere, distira handirik gabeko finalerdia izan zen. 10eko txikian Ametsek eta Nahia Sascok egindako lana dotorea izan zen; bikotea ziren, eta Ametsek telebistarik gabe bizi nahi zuela erran zion Nahiari. Azken hau hasi zen kantuan eta horra beren elkarrizketa: «Hasi ginen duela urte bat inguru/ elkarbizitza hasi da duela bost segundu/ ta desberdin ditugu gogo ta helburu/ aspertu gabe sarri bizi nahi badugu/ gai interesgarriak beharko ditugu». «Ez du pentsatzen hori nik hortik hartzerik/ ez dut nahi telebista beti ikusterik/ ez dut nahi Canal Plusik edo ETBrik/ albistegi programak gezurrez beterik/ horrek ez du egiten zozotu besterik». «Telebista aurrean egin behar da kasu/ hau entzuten da beti entzuten da usu/ eta horien tranpan erori zira zu/ galdera bat badaukat ta entzun nazazu/ irratia bederen onartzen al duzu?». «Galdera bat eginik aurpegiz aurpegi/ mesfiantza bat badiet irrati hoieri/ hor ere entzuten da gezurra gehiegi/ baina onartuko dut hala izan bedi/ sintonizatzekotan beti Irulegi». «Ez gaitezen ibili bi tresna hoien menpe/ halere ere nahiko kontra Amets zinateke/ ez dituzu onartzen telebista beste/ nahiz eta zozokeriz baitituzten bete/ informazio iturri ere izan daiteke». «Nik gure iturriak nahi nituzke zaindu/ ez kanapea bihurtu kanape armairu/ teknologia gabe bai zu bai ni bai gu/ aspertzen bagira ai! hitzak heldu maingu/ teknologiaz gaindi zerbait eskas zaigu». Kartzelako lanean ere Amets Arzallus nabarmendu zen, bi punturi erantzutea zen lehenbiziko lana, eta bigarrena, gai batekin bi bertso osatzea. Honela zioen lehen puntuak: «Ikastolan ikasle ona ote zinen?». «Gu bihurrikeritan maiz ibiltzen ginen/ hortarako banuen aski irudimen/ ea bertsua hortik ote zaidan jinen». Eta bigarrena: «Gogoan al daukazu lehen nota txarra?». «Amaren aitzinean nolako negarra/ eta gero haserre aitaren oldarra/ hobetzeko hark eman zidan bai indarra». Aldiz, bi bertso osatzeko gaia honakoa zuen: «Azkenean fini duzu eguna, kanapean etzan zara, goxoan, zure momentua da» eta ondorengoak izan ziren hendaiarraren bi bertsoak: «Goizean Baionan nintzen arratsaldean Senperen/ gero Oiartzunen ai gaur hirurehun bertso bederen/ han hankaluze egin dut orain sentitzen naiz herren/ baina beharrik kanape hontan harturik atseden/ nola burua bertsu txar guztiak ontzen hasten den/ bai baina han zoin zaila zen eta zoin errexa hemen» eta bigarrenean 10eko txikiko kontuak ekarri zituen gogora berriro: «Gero eta zailago zait oholtzetara igaitea/ eta pentsatzen dudana hitz neurtutan erraitea/ hau da hau atsegin handiz berriz etxera jitea/ kanapean eseri da ai izar satelitea/ ta orain telebistarik ez ai ene Nahia maitea/ orain dolutua zait hain radikala izaitea»