Bi euskal lasterkari igo dira podiumera Munduko Kopan
Skyrunner World Series zirkuituan euskal selekzioko bi korrikalari izan dira protagonista. Hassan Ait Chaou bigarren izan da Sky modalitatean. Maria Zorrozak, berriz, lasterketa bertikaletan brontzea eraman du.
Euskal selekzioko eskalatzaile gazteenentzat bezala, hilaren 15 eta 16koa asteburu intentsoa izan zen mendiko lasterkarientzat. Bai, Skyrunner World Series zirkuituak, Munduko Kopak, Limonen (Italia) hitzordua zuen: Sky eta lasterketa bertikaletako azken lehia, hain zuzen ere. Eta behin betiko sailkapen nagusirako lehenengo postuak eskuratu ahal izateko, bi euskal protagonista izan genituen. Eta, azkenean, biak ala biak podiumera igo ziren. Sky modalitatean, Hassan Ait Chaouk zilarra lortu zuen eta bertikaletan Maria Zorrozak, brontzea eraman zuen. Beraz, goi mailako bi domina erdietsi ditu Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioak.
Aipatu bezala, Limonekoa Munduko Kopako azken hitzordua zen. Lasterketa hasi aurretik, iazko txapeldunak, Tadei Pivk italiarrak urrea ia patrikan zeukan; lehia txukuna egitea beste lanik ez zuen. 27 kilometro eta 1.700 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean Alexis Sevennec frantziarra izan zen onena 2 ordu eta 46 minutuko denborarekin. Zoritxarrez, Ait Chaouk lehen aldapan zaintiratua izan eta ezin izan zuen benetako lehia egin; hamargarren bukatu zuen, irabazlearengandik ia 9 minutura. Aritz Egea, berriz, zortzigarrena izan zen, eta Julen Martinez de Estibariz, hamabigarrena.
Zirkuitu honek, guztira, zortzi proba izan ditu, eta puntu guztiak batu ondoren Pivk bigarren urtez jarraian Munduko Kopako txapelduna bihurtu da. Italiarra oso ezaguna da Euskal Herrian; izan ere, jakin badaki zer den Zegamako maratoia irabaztea. Ait Chaouk, berriz, zilarra lortu du. Egea eta Martinez de Estibariz hamaikagarren eta hamahirugarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren.
Brontzea
Euskal selekzioaren bigarren domina Zorrozak sinatu zuen; hain zuzen ere, lasterketa bertikaletan.
Munduko Kopako titulua Christelle Dewalle frantziarra eta Laura Orgue katalanaren artean jokatzen zen. Orguek frantziarrak baino aukera gehiago zituen urrea eramateko, baina Dewalle helmugan askoz azkarragoa izan zen; 50 minutuko denbora egin zuen. Horren ondorioz, Dewalle podiumaren lehen koskara igo zen.
Zorrozak seigarren postuan amaitu zuen, irabazlearengandik ia 14 minutura. Aitziber Ibarbia 13. postuan sailkatu zen. Bizkaitarrak brontzea eskuratu du, eta Ibarbia hamargarrena izan da.