Lehen Mailarako txartelak banatuko dira Azkoitian
Eneko Otaño, Mieltxo Mindegia, Julen Kañamares, Oihan Larretxea, Ander Erasun eta Julen Alberdi neurtuko dira Azkoitiko pilotalekuko finalean.
Aizkolarien hilabetea amaituko da gaur jokatuko den Euskal Herriko Bigarren Mailako finalarekin. Azkoitian izango da, Gurea pilotalekuan, 18.00etan hasita. Orain dela hiru aste jokatu zen Azkoitian bertan kanporaketa eta orduko aurreneko seiak izango dira gaur.
Eneko Otaño, Mieltxo Mindegia, Ander Erasun, Oihan Larretxea, Julen Kañamares eta Julen Alberdi arituko dira txapelaren lehian. Baina saria ez du aurreneko sailkatuak bakarrik eramango, bigarren geratzen denak ere datorren urtean Euskal Herriko Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratuko baitu. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu norgehiagokan.
Gazte jendea izango da final honetan, eta hori dudarik gabe oso berri ona da. Lehen Mailakoa inoiz baino gazteagoa izan bazen, hau ere halaxe da. Zaharrena Mieltxo Mindegia da, eta bera izango da 30 urtetik pasatzen den bakarra, baina berak aizkolaritzan oso urte gutxi daramatza.
Neurketa oso ona iragartzen da gaurkoan. Kanporaketako onena Eneko Otaño izan zen, eta bere atzetik Mieltxo Mindegia sailkatu zen. Erreferentzia hori kontuan hartuta, aipaturiko bi hauek izan daitezke aurreneko bietan geratzeko bi faborito nagusiak, baina garbi dago beste laurak ere oso kontuan hartzekoak direla.
Oihan Larretxeak eta Ander Erasunek badakite maila nagusian aritzea zer den, eta Julen Alberdik aurten bertan irabazi du Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela, eta Kañamares ere oso ongi ikusi zen kanporaketan.
Estua
Lana ez da ikaragarria, baina tartean bi oinbiko badaude. Agian bi enbor horiek erabaki dezakete auzia. Lana azkar egin beharrekoa da, eta edozein deskuidu nahikoa izango da irabazteko aukerarik gabe geratzeko. Denek aitortzen dute ongi daudela. Honelakoetan urduritasunak ere zeresan handia izaten du, eta agian gaurko finalean oinbikoek bezalaxe, epaia ere eman dezake.
Jende asko iragartzen da gaurko finalean, eta ez da gutxiagorako. Gazteak dira lanean arituko diren sei aizkolariak, eta Julen Alberdi, berriz, bertakoa. Horrez gain, Eneko Otaño Beizamakoa da, ingurukoa, eta bi hauek jende asko eramango dute. Ordua aproposa da gazteentzako, eta beste kirolariek ere zale bat baino gehiago eramango dituzte. Aizkolaritza indarrean dago berriro ere. Kirolari gazteak daude modan, urte askoan adinean aurrera joandakoak egon ostean. Horrek harmailetan ere ekarri du berritze bat, eta hori ere nabaritzen da. Betiko jendeak joaten jarraitzen du, baina lehen ikusten ez zen gazte jendea ere ikusten da orain, eta hori oso ona da.
Jon Rekondo eta Donato Larretxea aurrez aurre izango dira Leitzan
Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa jokatuko da bihar, Leitzako pilotalekuan, 12.00etan hasita. Bertan Jon Rekondo eta Donato Larretxea lehiatuko dira. Hamarna kana-erdiko erdibitu beharko dituzte.
Saio berean Urrezko Harri-jasotzaileen Lehiaketako kanporaketa ere jokatuko da, eta bi gazte izango dira aurrez aurre. Alde batetik Xabier Peñagarikano, eta bestetik Gorka Etxeberria. Bakoitzak 150eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. J.L.