Otañok iragarpenak bete eta txapela jantzi du
Beizamakoarekin batera, Alberdik lortu du Euskal Herriko Lehen Mailara igotzeko txartela.
Eneko Otañok irabazi zuen herenegun Azkoitiko pilotalekuan Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela, eta hori lortzeaz gain, Beizamakoa datorren urtean Lehen Mailan arituko da. Berarekin batera, Julen Alberdik lortu zuen mailarik gorenean aritzeko txartela, berak eskuratu baitzuen bigarren postua.
Sarrera ona izan zen Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta ez ziren damutuko bertaratu zirenak, oso final ona eta polita izan baitzen. Egindako denborak ere onak izan ziren, eta aldeak, txikiak. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu behar izan zituen.
Otañok irabazi zuen kanporaketa eta bera zen garaipena lortzeko faboritoa, eta Beizamakoak ez zuen hutsik egin. Behin oinbikoetan sartu zenean aldea lortu zuen, eta horri eutsi egin zion, txapela jantziz. Bera zen finaleko gazteena, eta baita Bigarren Mailako aizkolaririk gazteena ere, eta orain Iker Vicenteren atzetik, Lehen Mailako bigarren gazteena bihurtuko da.
Eneko Otañok 20 minutu eta 47 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko. Atzetik, Alberdi (21.17), Erasun (22.29), Mindegia (22.52), Kañamares III.a (23.53) eta Larretxea (24.09), sailkatu ziren.
Finalaren ostean, Xabier Zalduak bertan aritu ziren denei desafioa bota zien 20 kana-erdikotara jokatzeko. Martxoan izango litzateke, eta enborrak berak eramanda. Zumarragakoa azaroaren 11n Azkoitiko Ixidro erretegian egongo da 20.00etatik aurrera hitz egiteko prest, eta ahal bada apustua sinatzeko prest ere bai.
Jon Rekondok egin du Urrezko Kopan aurrera
Jon Rekondok irabazi egin zion atzo Donato Larretxeari Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketa. Leitzakoak hamar kana-erdiko ebakitzen 31 minutu eta 34 segundo pasatu zituen, eta Larretxeak, aldiz, 33 minutu eta 23 segundo.
Urrezko Harri-jasotzaileen lehian, berriz, Peñagarikanok irabazi egin zion Etxeberriari. 36 eta 23 jasoaldi lortu zituzten. J.L.