Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Lehiakide nafarrekbikain jardun dutehitzordu ofizialean

Pasa den larunbatean, Rocopolisen, Nafarroako Eskalada Txapelketa jokatu zen. Bost maila (neskak eta mutilak) izan ziren: 9, 12, 14 eta 18 urtez azpikoak eta seniorrak. 50 lehiakidek hartu zuten parte.

Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko Eskalada Txapelketa krisi sakonean murgilduta dago. Azken bi urteotan soilik gazteen mailan jokatu bada ere (seniorren presentziarik ez zegoen), aurten erabat huts egin du. Uste dugu lehen aldia dela hitzordu ofizial hori martxan denetik.

Nafarroako Federazioak bere aldetik esfortzua egin du egoera larri hori iraultzeko. Nafarroako Eskalada Txapelketa antolatu behar zuenez, Euskal Mendizale Federaziokoei gonbita egin zien, baina hauek proposamenari uko egin zioten. Bien bitartean, pasa den larunbatean, Rocopolisen (Berriobeiti), aipatu dugun hitzordu ofizial hori jokatu zen; lehia ekitaldia erabat borobila irten zitzaien.

Denera, 50 lehiakide nafarrek hartu zuten parte. Eta hauek guztiek bost mailatan (neskak eta mutilak) jardun zuten: 9, 12, 14 eta 18 urtez azpikoak eta seniorrak.

Sailkapenetara 400 ikusle bertaratu ziren. Jabi Berazaluze eta Ander Gardeazabalek 28 bide prestatu zituzten; lehiakideek, beraz, asko eskalatzeko aukera izan zuten. Aipatu beharra dago finalera pasatzeko puntu gehien lortutako hiru bideak kontuan hartu zirela. Bide bakoitzerako hiru saio zituzten.

Giro bikaina

Eskalatzaileek, oro har, ekipatzaileen lana txalotu zuten; izan ere, sailkapenetako zein finaletako bideetan asmatu egin zuten. Bestalde, 9, 12 eta 14 urtez azpikoen mailetan ez ziren finalak jokatu; sailkapenetako postuek podiumak argitu zituzten.

9 urtez azpikoetan, Eider Arraras gailendu zen, bigarrena Iranzu Muñoz izan zen eta hirugarrena Irune Vicuña. Unai Gerendain soilik igo zen podiumera. 12 urtez azpikoetan, Alix Artolak eta Alaitz Osesek lehen postuan berdindu zuten eta Lorea Hernandez atzetik sailkatu zen. Mario Moralesek irabazi zuen. 14 urtez azpikoen mailan, Imanol Sanzek txapela jantzi zuen; bigarren postua Unai Artolarentzat eta hirugarrena Unax Utergarentzat izan ziren. Nesketan, Lucia Arlanzon onena izan zen, eta haren atzetik Oihane Etxeberria eta Naroa Galar geratu ziren, berdinduta.

18 urtez azpikoetan, Asier Jaka eta Ane Legardak irabazi zuten. Bigarren postuak: Iker Carrera eta Maider Martinez. Eta hirugarrenak: Asier Cobo eta Haizie Etxeberria. Eta seniorretan, garaileak: Sergio Etayo eta Maitane Erro. Bigarren postuak: Oscar Robles eta Leire Ruiz de Argandoña. Eta hirugarrenak: Ivan Cobos eta Maialen Lezeaga.