Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Angela

Erresuma Batuko konderri batean ekimen bitxia jarri dute taberna-giroan egoera deseroso eta arriskugarriak izan daitezkeenak saihesteko. Deseroso eta arriskugarri emakumeentzat, gizon ezezagun batekin geratu eta gutxira alde egin nahi izanez gero. Arazo unibertsal honi irtenbideren bat ematearren: gizonezko gehiegiren ezintasuna emakumeon ezezkoak onartzeko. Konderri horretako taberna batean zaude, ospa egiteko gogo biziz eta parekoak gaizki hartuko duelako susmoaz; bada, barrara joanda «Angela etorri da?» galdetzen baduzu, tabernakoek lagundu egingo dizute. Lagunen bati salba zaitzan komunetik egiten zaion telefono-dei tradizionalaren (nabarmenagoaren) ordez.

Izan bedi ongi etorri Angela, laguntza oro, noski. Izan bitez ongi etorriak halako ekimenak, emakumeentzako ingurune gutxi gorabehera arriskutsuak babesteko xedea eta ahalegina; prebentzioa ideia ona da beti. Halere, luzeegi jotzen ari gara maila guztietan, eremu pribatu eta publikoan, kontu funtsezko batez jabetzeko: inguruneok (tabernak, kaleak, lantokiak) ez dira izatez arriskugarriak, baizik eta gizonezko batzuk, gizonezko asko; maskulinitatearen eredua da ondo ez dagoena, eta horren arabera garaturiko munduan emakume izateko era. Angela guk geuk izan beharko genuke, emakume guztiok, inoren salbazioaren zain egon barik lasai asko esateko esan beharrekoak bikotekideari, aitari, nagusiari edo kaleko edozein ezezaguni, baita geure buruari ere. Edozein egoeratan egin beharko genuke, betiere jakinaren gainean inguruko ezagun nahiz ezezagunek berez lagunduko digutela, gauzak txarto jarriz gero, ez dutela burua biratzeko ekintza axolagabe hori egingo, alegia. Benetan axolako zaielako, zuregatik, eurengatik.

Pixkanaka, bai, hasi gara maskulinitate-eredua kolokan jartzen, belaunaldiz belaunaldi nola transmititzen eta eraldatzen ari den ohartzen eta horri guztiari erreparatzen. Hasiak gara, baina oso motel gabiltza: emakumeok saihestu, zaindu, kontuan hartu, salatu eta egin beharreko beste hainbeste dira hizpide nagusi eremu publikoan, ez gaitezen jazarriak, erasoak eta erailak izan. Gutxiegi egiten ari da hainbeste eta hainbeste andrazkok, neskatilak, barneratuta duten hauxe suntsitzeko: gizonak horrelakoak dira, betidanik, eta ezin da ekidin; babes dezagun geure burua ahal dugun ondoen. Huts egiten ari gara foku nagusia bideratzen, Angelaren zain egoteak jarraituko badu izaten gure gazteentzako irakaspena.