Jainkoaren begietara denak ez gara igualak
Maite dut futbola. Ondo gogoan dauzkat txikitan sartutako golak, gogoan hartz pirenaiko baten sutsutasunez minkideekin galipotaren gainean, txarrantxa artean, jokatu genituen partida kolosal haiek. Lekittoko minkidearekin ordu ttikietaraino, eta ia muturtzeraino, futbolaren taktikaz eta estrategiaz eztabaidatzen genuenean. Neronek ere badut YouTuben azaltzen ez den gola, hura marabilla! Eta beti geratuko zait zalantza-dantza hori: mundua aldatzen jardun ez bagina, eta, konturatzerako, munduak gu aldatu ez bagintuen, agian erakutsiko genuela gure maila. Batek daki!
Adinean aurrera eginda, futbola beste era batean maite dut. Eta aitortzen dut: Messi da horren arrazoia. Atrapatua nauka, labankada garden bat bezala nire bihotzaren plegu eta geruza guztiak pasatzen ditu. Jokoarentzat benetako gloria bat da, maisua, aztia, jenio totala. Messirekin, nik jokatutako edo telebistaz ikusitako hainbat partidatan eta aurkarien aurka ikasi eta sentitu dudana, sekula sentitu ez dudala sentitzen dut. Memento errepikaezinak dira. Messi jokatzen ikustean nire ordua eternitatea da puntu-puntuan. Baloia hartzen du, eta auskalo! Segundo batzuetan gertatuko da, gogo-bihotz, adi-adi egon, ze betirakoa den zer edo zer egingo baitu.
Messi fenomeno paranormala da. Denbora eta espazioa beste inork ez bezala dominatzen ditu. Galeanorekin ados, baloia hanketara itsatsia baino hanken barruan darama. Ez dut ikusi hura bezalakorik eta ez dugu sekula ikusiko. Messi ikustea Jainkoaren begietara denak igualak ez garen ohartarazpen bat delako.