Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Kapitaineko bi marrek lehen errepikapenak jaso dituzte

Pasa den udazkenean, Jorg Verhoeven nederlandarrak «Dihedral Wall» bidea (900 m, 8b+) poltsikoratu du; bi saio behar izan zituen. Bien bitartean, Sebastien Berthe belgikarrak «Heart Route» marra (1.000 m, 8a) eskalatu du. Bidean sei egun igaro zituen.

Azken asteotan, pasa den udazkenean Yosemiteko Kapitain hormatzarrean egindako era askeko goi mailako jardun batzuk jorratu ditugu. Zirkulu hori borobiltzeko, hurrengo lerrootan azken bi aipamen egingo ditugu.

Lehen protagonista Jorg Verhoeven da. Eskalatzaile nederlandarra gai izan da “Dihedral Wall” bidea (900 m, 8b+) igotzeko. Bigarrena, berriz, Sebastien Berthe dugu. Belgikarrak “Heart route” marra (1000 m, 8a) eskalatu du. Biek ala biek era askean igo dute. Eta biek ala biek bide bakoitzaren era askeko bigarren igoerak sinatu dituzte.

Verhoevenek “Dihedral Wall” aukeratu zuen; hots, bide luzeen artean munduko gogorrenetarikoa. 2004. urtean, Tommy Caldwellek marra hori askatu egin zuen. Hamabi urte pasa dira, beraz, lehen errepikapena jasotzeko.

Zailtasunari dagokionez, bidearen giltza seigarren luzea da (8b+), baina seigarrenetik hamabosgarrenera arte zailtasunean oso iraunkorra da. Kirol eskaladan espezialista handia den nederlandar honek argi erakutsi du bide luze gogorretan ere ondo moldatzen dela. Adibide bat: duela pare bat urte “El Niño” (900 m, 8b+) mitikoa era librean igo zuen.

“Dihedral Wall”-entzat bi saio behar izan ditu: «Uste nuen bezala, bidearen giltzan (8b+) huts egin nuen. Luze hori probatzen ari nintzela, eskuen azalean ebakia izan nuen. Orduan, goi luzeetan lan egitea otu zitzaidan. Eta hori egin ondoren, jaitsi egin nintzen».

Azala sendatu bezain laster, Verhoevenek bigarren saioari ekin zion. Bost eguneko ekinaldiaren ostean, protagonistak marraren era askeko lehen errepikapena lortu zen: «Pozarren nago, besteak beste, eskalatu dudan bide hori izugarria delako. Zailtasunari dagokionez, 8a eta 8b+ arteko hamar luze jarraian daude. Tartean, jakina, bidearen giltza. ‘The Nose’ eskalatu ondoren, Kapitainen erronka gogor bat egin nahi nuen. Izen handia hartu duen ‘Dawn Wall’ hor zegoen, baina azken urte honetan lesionatuta egon naiz, hatzetan, eta izaera horretako xede baterako ez dut uste sasoiko nengoenik».

“Magic Mushroom” eta “Dihedral Wall” bideen artean aukeratu behar zuen, eta bigarrena lehenetsi zuen: «Caldwellek bide horretan egin zuen eskaladari buruz idatzi zuen, eta informazio zehatza jaso nuen. Lehen 16 luzeak oso gogorrak dira, eta, oro har, espero nuena baino askoz ere zailagoa izan da. Gainera, kontuan hartu behar da Caldwellek Kapitaineko bideak ezberdin graduatzen dituela».

Bigarren igoera

Berthek, berriz, “Heart Route”-n jo eta su jardun zuen. Helburua lortu bezain laster, zera adierazi zuen: «Pareta horretan sei egun igaro nituen, eta inolako zalantzarik gabe aitor dezaket inoiz egin dudan eskalada ederrena izan dela. Sei egun horietan nire muga fisiko zein psikologikoekin borrokan izan naiz. Luze guztietan ala guztietan den-dena eman behar izan dut; borroka latza zein intentsoa izan da!».

“Heart Route”-k 31 luze eta 8a zailtasuna du, eta iazko ekainean Masson Earle estatubatuarrak puntu gorria jarri zion.

Belgikarrak lehen errepikapena egin du, eta onartu ere estilo guztietan asko eskatzen duela: «Seigarren luzea marraren giltza da. Mugimendu mega akrobatikoa behar duzu egin; blokeko 7c bezala ikusten da. Zazpigarren luzea plaka super teknikoa da, eta hurrengoa, plaka bat ere, ez da atzean geratzen; izan ere, nire ibilbideko zailena izan da. 14, 15 eta 16. luzeak oso tenteak eta estilo ezberdinetakoak dira: sabai oso fisikoa, konpresioan egiten den bloke gogorra, artesi fina, diedro teknikoa... 21, 25 eta 26. luzeen estiloari dagokionez, oso fisikoak eta europarrak dira. Eta amaiera aldean, Yosemiteko estilo purua: offwidth-ak, artesiak, tximiniak...».