Unai Asurmendi, Joseba Jimenez, Ibon Cabo eta Rebeka Ubera
EH Bildu
KOLABORAZIOA

Bizitza aktiborako politika erakundeen agendetan noiz?

Euskal Herria ere ez da salbuespena, Euskal Erkidegoko 10 herritarretik 7 sedentario dira eta ez dute Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duen gutxieneko ariketa fisikoa egiten. Jendartearen %40aren mugikortasun premiak ez dira oso aintzakotzat hartuak izaten kirol-politiken garapenean. Ehuneko horren barruan gaude: 65 urtetik gorako herritarrak (%20); nolabaiteko premia fisiko, psikiko edo sentsoriala dutenak (%10), edota behin-behineko mugikortasun murriztua pairatzen dutenak (%10). Ahantzi gabe, emakumeek gizonezkoek baino kirol gutxiago egiten dutela. Kirola egiten duten emakumeek saio gutxiago eta motzagoak egiten dituztela gizonezkoek baino. Kirol erakundeen kudeaketan, nagusi, gizonezkoak direla. Eta baliabideen banaketan, oraindik ere gizonak, jaun eta jabe. Eta administrazio egituretan ere, ez dela ez baliabideen bidezko banaketa bat egiten ez eta exijitzen ere.

Zaharkitua eta dagoeneko gainditua geratu den kirol ikuspegiaren garapenean tematu izan dira erakundeak: azpiegituren eraikuntza eta kudeaketan, goi mailako kirol ikuskizun zein bestelakoen diru laguntzen kudeaketan, federazioen egitura zaharkituak mantentzean… Horretan aritu dira herritar oro jarduera fisikoan, bizitza aktiboan murgiltzeko politikak indartu beharrean; bizitza aktiboaren filosofia garatzeko ezintasunean. Nahiz eta azken urteotan, teorian behinik behin, hainbat saiakera egin diren: Aktibily, Mugi plan guztiak, Osasun Plana 2013-2020… Baina erakundeen arteko elkarlan eraginkorrik gabe, gobernantza eredu aldaketarik gabe, kirol egitura sakabanatuekin eta finantziazio gabe. Ikustea besterik ez, zenbat kirol egitura ditugun herri hain txikia izateko –federazioetan sartu gabe–, bakoitzak kudeatzen duen aurrekontua zein den (Kirol Eskola, EKFB, CPT, Kirolene...).

Eta jakin badakigu diagnostikoan adostasun zabala dugula, baina akordioetarako bide gutxi batzuk jorratu baldin badira ere, kontuan hartzekoa da kirol lehiaketen euskal esparruaren garapenerako 2014ko otsailean lorturiko akordioa; bide luzea dugu jorratzeko eta etxeko lan ugari printzipioz guztiok ados etor gaitezkeen kirol kontzepzio mugatu batetik bizitza fisikoki aktiboa duen gizarte bat sustatzera pasatzeko, ohiko bizitza ohituretan jarduera fisikoa txertatuz. Kirolaren eta bizitza aktiboaren berezko euskal eredua garatzeko. Nazioarterako marka berezia izanik eta gainontzekoengatik bereizgarri bilakatuz. Gure mugimenduaren aldeko nortasunaren adierazgarri. Benetako nazio balio erantsia lortuz. Baina ahaztu gabe gure nortasunaren adierazgarri diren eta gu garena egiten laguntzen gaituzten kirolak –euskal pilota, herri kirolak, arrauna, txirrindularitza, mendia–. Portzierto, horietako batzuk premiazko hil ala biziko egoeretan aurkitzen direnak.

Horretarako eta estrategia horren baitan bi urrats nagusi finkatuko genituzke, hastear dagoen legegintzaldi honetan: batetik, gobernantzako estamentu guztietan kirola eta bizitza aktiboa sustatzeko “birusa” eta kezka administrazio eta sail guztietan, zehar-lerroan, kokatu eta finkatzea. Dela hezkuntzatik hasi, Osasun Sailetik pasa eta lurralde antolaketako irizpideetan amaitu. Estrategi berri honek, ezinbestean, administrazioen arteko eta erakunde bereko sailen arteko lankidetza eta estrategia bateratuak ekarri eta erakarriko ditu. Eta bestetik, lidergo instituzional horrekin batera, berariazko partaidetza prozesu erreal eta irekiekin, herritarrak beren bizitza aktiboko arduradun nagusi bilakatuko ditugu; administraziotik beharrezkoak diren baliabideak gauzatuz eta luzatuz. Genero berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako kudeaketa ereduak integratuz.

Horretarako eskuduntza esklusiboa izan badugu, eta hainbat tresna ere, nahiz eta batzuek berritzeko edo aldatzeko premia duten. Tresna berriak ere eraiki daitezke adostasunez eta oinarriak elkarlanean landuz, kasu aurreko legegintzaldian izapidetzen hasi zen Kirol Lanbideen Legea, azkenean legegintzaldia lehenago bukatu zenez bertan behera geratu zena. Eta bukatzeko, ezin ahaztu urte eta hamarkadetan gure herrian egituratu eta saretzen joan den kirol herrigintza. Herrietako, klubetako eta federazioetako kirolari, entrenatzaile, epaile, langile eta boluntarioak. Euskal Herriko kirolaren indargune nagusi dira eta haiei esker, bereziki, lortu dugu Euskal Herriko jarduera fisikoa, kirola sostengatzea.

Zalantzarik gabe, aukera polita legegintzaldi berri honetan ireki daitekeena, guztion artean gai izanez gero elkarlanerako zubiak eraikitzeaz gain, bizitza aktiboa, filosofia hutsetik harago, errealitate bilakatzeko, herrigintza eta erakundeen auzolana sakontzen badugu. Gu prest!