Islandia, Hitzlandia
Europako iparraldearen iparraldean, Islandia hotzean, Gabonetako ohitura eder bat dute: liburuak opari ematea elkarri. Durangoko Azokaren zurrunbiloa nola, Jólabókaflód edo «Liburu-uholdea Gabonetako» ohitura dute han, eta ohitura horri esker, liburu gehienak urtearen azken hiruhilekoan saltzen dira; urte osoan saldutako hamar liburutik, zazpi.
Argitaletxe gehienek liburu berriak irailetik Gabonetara bitarteko tartean ematen dituzte argitara; bókatíðindi edo «liburu-albisteak» izeneko urtekari batean agertzen da, eta Islandiako etxe guztietara banatzen da, Interneten kontsultatzeko moduan izateaz gainera.
Abenduaren 24ko gauean, liburuak opari elkarri emanda, ez gularik, ez xanpainik, liburua(k) baizik; aukeran, txokolate puskatxo bat hartu eta ohera irakurtzera! Islandiak Frantzian duen enbaxadore Kristjan Andri Stefansson-ek dioenez, ohera «lasaitasun eta patxadaz, irakurtzen gozatzeko; niretzat data hauetan ateratzen diren nobela berri horietako bat irakurri gabe, ez dira Gabonak.» Eta enbaxadorea ez da salbuespena: enbaxadak berak emandako datuen arabera, islandiarren %63k jasotzen omen dute libururen bat Gabon gauean; eta ia-ia erdiak, liburu bat baino gehiago.
Datuak adierazgarriak dira oso: 320.000 biztanle bakarrik dituen estatua izanik ere, 800 eta 100 liburu berri argitaratzen dira urteko, eta BBCk berak 2013an argitara eman zuenez, hamar islandiarretik batek bizitzan zehar argitaratuko du libururen bat edo beste, eleberria dela, poesia-bilduma dela, artikulu-bilduma dela... Liburu bakoitzaren 1.000 ale argitaratzen dira, baina oso ospetsua den egile batek –nobela beltzeko Arnaldur Indriðason-en kasua– 20.000 ale ateratzen ahal ditu.
Ez dakit «Liburu-uholdea Gabonetako» ohitura hori kausa ala ondorioa den –biak, segurki–, eta eguraldi hotzak ere lagunduko du seguru asko, baina Islandia da, mundu osoan, biztanleko liburu gehien duen estatua, eta liburu-zale irla hotz horretan badituzu liburu-dendak eta irakurle-klubak non-nahi. Izan ere, literatura eta irakur zaletasuna kultur nortasunaren, herri nortasunaren euskarri bilakatu dira.
Eta kultur zaletasunak izanen du zerikusirik duela urte gutxi batzuk islandiarrek hartu zuten politikari ustelak eta bankari lapurrak, elite politiko-ekonomikoa, borrokatzeko erabakiarekin, orduan hain miresgarria izanik ere segidarik izan ez duena, maleruski. Irribarre zuriko eta gorbata beltzeko lapur banda horietako batzuek –ez denek, ez behar bezainbeste– kartzelan eman dute ordaina.
Islandia iparraldearen iparraldean dagoen irla hotz ezezagun hori izateaz gain, Gabon gaua liburu bat irakurtzen ematen duen herria dugu; hori horrela, zilegi bekit Islandiari Hitzlandia, deitzea, Iñigo Aranbarriren izen bereko liburuaren izenburua maileguan hartuta. Eta 2017 urte berrian, «hotz ala bero, irakurri egunero».