Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Facebook finantza-erakunde

Interneten eskutik, banketxeekin eta finantza-zerbitzuekin harremanetan jartzeko dugun modua aldatzen ari da. Eta finantza-erakundeak «toki ez seguru» gisa sentitzeak aldaketa hori azeleratu du. Baina, funtsean, transformazio digitalean oinarritzen den aldaketa bat da.

Digitalizazioak dena aldatu du. Gero eta ohikoagoa da transakzioak modu digitalean egitea, baita bankuen sukurtsalak irekita daudenean ere. Eta gero eta ohikoagoa da, modu berean, transakzio horietako asko smartphone bitartez egitea, modu azkar eta sinplean. Eta transformazio sakon horrek auzitan jartzen du sukurtsalen funtzioa, sukurtsal kantitatea eta sukurtsalen egungo ordutegia. Eta auzitan jartzen du, modu berean, diru fisikoaren erabilera eta transakzioak egiteko erabiltzen ditugun kanalen ekosistema.

Horren guztiaren isla da Facebook, Google, Amazon eta Apple egiten ari diren ahalegina, finantza sektorean sartzeko. Facebookek berriki lortu du Estatu espainiarrean diru elektronikoko erakunde gisa operatzeko lizentzia. Estatu Espainiarra da Europako lehena, Facebooken estrategiaren baitan. Google eta Amazon, 2011 eta 2012an hasi ziren, hurrenez hurren (espainiar Estatuan). Apple bidean izango da.

Finantza sektorean gertatzen ari den eraldaketa geldiezina da. Sukurtsalen etorkizuneko funtzioa eta formatua definitzeke dago oraindik. Diru fisikoa hamarkada batean desagertuko dela esaten duenik ere bada (aurrerago izango da, ziur aski, baina hori ere etorriko da). Erantzuteke dauden galderen tamainakoa da sektorearen nahasmena.

Eta orain arte finantza-erakunde baten indarra, besteak beste, bere sukurtsal sarearen dimentsioaren arabera kalkulatzen bazen, azken hamarkadan eta etorkizunean, indar hori testuinguru digital berriari erantzuteko gaitasunen araberakoa izango da. Eta horrexegatik, banka publikoaren aldeko aldarrian ere, begirada digital hori izatea ezinbestekoa izango da.