Surflari ernegatua

Irriak mintza bitez

Atea ireki eta gelako aire guztiak ziztu bizian alde egin du, fluoreszenteari atxikita ziren euliak berekin eraman ditu, baita gelako oxigeno molekula apurrak ere, baina oraindik arnasa har daiteke, badator Flashman, pasatzen den leku bakoitzeko loreak aztoratzen dituen super gizona. Gelaren beste aldean, Dersu Uzala, Siberiako olatu ehiztaria, lasai, bare, kokotsa estutzen dion lepokoak lotuta, Osakidetzako mantalaren azpian, auskalo munduko zein zokotan bere egin zuen koilareak babesten duela, patxadaz epeltzen utzi duen katiluari zurrupa egiten. Bi izaera muturreko, oso desberdinak, baina kolore berekoak, urdin-urdinak biak.

Besarkada beroa izan da. Hizketan hasi dira, gaua eta eguna, elektrizitatea eta karma, ekaitza eta kalma zuria, eta batek hitz egin eta besteak barrez erantzun. Haien arteko elkarrizketari so, hitzak eta aditzak ere isilik daude, bi lagunek zer dioten entzun nahi dute. Halako batean, serio, esan dio Axik bere minkideari: «Aizak, bazekiat orain aurkitzen haizen egoeran inor ez dela hiri ezer esatera ausartuko, baina nik esan behar diat... Mundakako jendea hirekin haserre zegok». Keparen bisaia zeharo aldatu da, begi niniak milimetro batzuk aurreratu eta puztu zaizkio, eta zergatia galdegin du. Axi ez da hasitako mezua amaitzera ausartzen eta Mr Lasai jaunaren aurpegian gero eta nabariagoak diren ardura keinuak marrazten hasi dira. Azkenean, ezin izan du gehiago eta zarauztarrak zapla bota dio: «Jendeak esaten dik hondoari emandako burukada horrekin hondar bankua guztiz aldatu dela, eta orain, olatua ez omen zegok lehen bezain ondo». Algara batean hasi dira bi surflariak, bati lepoak eta besteari tripek, gelditzeko esan arte, barre gehiegi egiteko moduan ere ez baitaude oraindik.

Azken aldiz Mundakan izan ginen hirurok, orain dela urtebete, surf munduan euskarazko hitzak nola erabili aztertzeko bildu ginenean eta eguerdian tarte bat hartu genuen elkarrekin itsasoratzeko. Gozamena da tamainako pertsonak hain gertutik ezagutzeko aukera izan eta halako momentuak haiekin partekatu ahal izatea. Kepak esaten zuen, «bidaiatzeak norberaren etxeko zokoak baloratzen ikasteko» balio duela. Esango nuke, hori, soilik gutxi batzuek ikasten dutela, baina gutxi horien kontura ikasi eta gozatzen dugunok asko garela.

Kepa bisitatzera zihoala esan zidanean beraien arteko elkarrizketaren berri emateko eskatu nion Axiri, beraz gaurkoa berak kontatutakoaren nire irudipena baino ez da, nire modura azaldua, baina emandako datuak ez dira faltsuak, hori beraiek baiezta dezakete. Gela hartan, ordea, une hartan, ni bezalako ernegatu bat soberan legoke, tamaina horretako bi pertsonari bakarrik egoten utzi behar baitzaie, soilik beraiek ulertzen duten hizkuntzan hitz egiten baitute eta hitz egin gabe ere elkar ulertzen dute, unibertso bera konpartitzen dutelako. Gainerakoek ulertu ez, baina miretsi ditzakegu, eta imajinatu, aurrera egiten jarraitzeko haien esperientziak elkar trukatzen. Horrela, gela zuri hartako giro berezia irudikatzen, Negu Gorriak taldearen errepika lelo ahaltsu bat datorkit burura, hitz soil bat aldatu arren sekulako indarra izaten jarraitzen duena: Hitzak soberan daude, irriak mintza bitez.