Iraia Oiarzabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Amaren eskutik

Zortzi urte nituela ospitaleratu zuten ama lehen aldiz. Geroztik behin baino gehiagotan pasatu gara trantze horretatik; adinean aurrera joan ahala ikasi dugu egoera eramaten. Zortzi urterekin, ordea, konprenitzen ez nituen gauza gehiegi zeuden, tartean zergatik ezin nuen amarekin egon. Faltan botatzen nuen ondoan izatea, bere beharra nuen, zainduta eta maite ninduten senideez inguratuta egon arren.

Umetan bizitako larritasun hura ekarri dit gogora aste honetan Sara Majarenas presoari eta bere bi urteko alaba Izarri gertatutakoak. Bortizkeria matxistaren biktima dira biak, aitak labanaz eraso zion neskatoa eta bere ama. Espetxe politika krudel baten mende bizi dira, etxetik 600 kilometrora. Laster espetxea utzi beharko du Izarrek, legeak hiru urte bete arte baimentzen baitu haur bat kartzelan bere amarekin bizitzea. Sarak ere aske behar luke dagoeneko, legearen arabera horretarako eskubidea duelako zigorraren hiru laurdenak beteta. Madril salbuespenean tematuta dago, ordea. Zentzuz eta justiziaz pentsatuta, ulergaitza da kartzelan mantentzeko obsesio hori. Mendekuaren begietatik begiratuta baino ezin da justifikatu eta, esango nuke, asko garela betaurreko horiek eraman nahi ez ditugunak.

Krudelkeria hori dela medio, banatuta dauzkate haurra eta ama, bata erietxean larri, bestea ziegan itxita. Bere bizitzako lehen urteak ia osorik pasa ditu kartzelan Izarrek eta eraso gogorra jasan berri du. Miresgarria da bere txikitasunean nola egin dion aurre. Ostera, kalera irtetean oinazea eta galdera asko izango ditu, ziur asko. Norbaitek lagundu beharko dio horiei erantzuten eta aurrean duen bizitza berriari bide ematen. Amaren eskutik behar du egin.