Surflari ernegatua

Pegatinak kaieran

Batek Realeko ekipo osoa zuen karpetaren azalean txukun itsatsia, besteak produktu frantsesei boikota egiteko eskatzen zuen pegatina borobila, besteak musika talde anitzetako irudiak zuri-beltzean, handik eta hemendik hartuak, ordena desordenatuan jarriak, eta kontu handiz plastifikatuak. Baziren karpetari izaerarik ematen ez ziotenak ere, baina ez ziren fidatzekoak, zeren «bere eskola liburuak apaintzen ez dituena, ez da».

Surf aldizkariak, gaur bezala, oso garestiak ziren, baina ez ziren hain preziatuak zuten salneurri altuagatik, orri haiek zabaltzea altxor kaxa bat irekitzea bezala zelako baizik. Irudi bakoitza behin eta berriz begiratzen genuen, eskuz esku pasatzen zen Kaliforniako ur hotzetan tubo bat egiten ari zen morroia edo Honoluluko badian olatuan behera zihoan japoniar jatorriko kamikazeari hartutako instantea.

Uraren kolorea, surflarien ur jantziak, argazkiaren izkina batean ikus zitekeen hondartza zatia, sandalien zola higatua, taulen forma, marrazkiak, ulertzen ez genuen hizkuntza bateko hizkiak... guztiak liluratzen gintuen. Min egiten zuen beraz, gelako horman edo eskola liburuko azaletan itsatsiko genuen paper zatia ebasteak; izan ere, mila bider behatuko genuen aldizkari hartako hutsuneek aldiro oroitaraziko ziguten zulo hura guk geuk egin genuela.

Urte asko pasatu dira, baina oraindik etxean gordeak dauzkat aldizkari haietako zenbait ale eta lantzean behin esku artean hartzen ditut, usaindu, ukitu, behatu, eta garai hartan ez bezala, baita irakurri ere. Inoiz ez dut antzeko ezer sentitu ordenagailu aurrean ikusi dudan surf erreportaje batekin.

“Surfing” aldizkariak azken alea argitaratuko du datorren astean, «Internetek irentsi omen du». Ez da harritzekoa, zertarako erosi aldizkari garesti bat, ordu laurden batean gainbegiratu daitekeena? Eta galdera bera egin diezaiokegu Euskal Herriko kioskoetan dagoen egunkari garestiena erosten duen irakurleari, alegia, zuri. Zertarako erosi paperezkoa, Interneten dohainik irakurtzeko aukera izanda?

Ziur naiz antzeko galdera egiten diotela elkarri egunkari hau itxita nahi luketenek. Traba guztien gainetik, eta egunkariak bizirik jarraitzeko irakurleei eskatzen zaien esfortzu ekonomikoen gainetik, jendeak leialtasunez erantzuten jarraitzen du, eta hori da hain zuzen ere, beren kaieran inoiz ezer itsatsi ez zutenek inoiz ulertuko ez dutena. Paper multzo bat baino zerbait gehiago da.

Tontotzat hartzen gaituzte logika matematikoetatik at jarduten dugunok. Tira, ikuspegi horretatik begiratuta arrazoi izan dezakete, baina guk beraiek ulertzen ditugu, beraiek dira gu ulertzeko zailtasunak dituztenak. Ez dakit papera desagertuko den eta hala izatekotan noiz gauzatuko den, baina gertatzen bada, ziur naiz, karpetetan pegatinak jartzen zituztenak «garai berrietara» egokitzeko gai izango direla. Alderantziz balitz ordea, beren karpetak tuneatzen ez zituzten haiek nekez moldatuko lirateke. Beraz, abiatzeko, berriz atzera egitea proposatzen den garai hauetan, kontuan hartzeko afera iruditzen zait, zeren ez dut ikusten surf irudirik ikasle gazteen liburu azaletan, ezta egunkari bat ere haien besapeetan.