Jon LEUNDA
Berezkoak

Ducassouk hartu du finala jokatzeko bidea

Ducassouk Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalean izateko urrats handia egin zuen atzo, finalerdietako ligaxkako lehen partidan 40 eta 17 hartu baitzuen mendean Ospital, Donibane Garaziko Garatenean.

Inork inongo zalantzarik baldin bazuen, lehen jardunaldi honetan argi eta garbi geratu da Ducassou eta Larralde beste pilotari guztien gainetik daudela. Herenegun alde hori Larralderen eta Bilbaoren artean ikusi zen, eta atzo Ducassouren eta Ospitalen artean.

Battittak ez zion aurkariari inongo aukerarik eman. Bikain jokatu zuen lehen kintzetik hasita, eta eskerrak amaieran erritmoa jaitsi egin zuen, bestela alde ikaragarria izango baitzen.

Istant batean egin zuen ihes Ducassouk, eta inor konturatzerako 23-1 eta 26-3 ari zen irabazten. Ordura arte dena ongi egin zuen, eta maila ikaragarria eman ere bai. Ospital ezinean ari zen, baina ez gaizki jokatzen ari zelako, aurkariak ez ziolako ezertan uzten baizik. Aldeak egiten jarraitu zuen faboritoak, eta 36-8 jarri zen. Alde handia markagailuan, eta txapelketako tarterik handiena egon zitekeen atzokoan, baina hor Ducassouk erritmoa jaitsi egin zuen. Egin beharrekoa egina zeukan.

Eta aurreko partidetan egin bezalaxe, Ospitalek ez duela etsitzen erakutsi zuen. Zenbaitek, zegoen aldea ikusita, amore eman eta ahalik eta azkarren amaituko lukete, baina berak ez zuen horrelako aldearekin galdu nahi, eta amaieran markagailua hasieran ematen zuena baino gehiago itxuratu zuen.

Norgehiagokak 56 minutu iraun zuen. Saketik 11 tanto egin zituen Ducassouk, jokoan 21 eta galdu, berriz, 3. Ospitalek lehen jokaldiarekin 3 kintze egin zituen, jokoan 11 eta galdu, aldiz, 8. Markagailua horrela mugitu zen: 8-0, 23-1, 33-4, 36-8, 38-14, 39-17 eta 40-17.

Bigarren Mailakoa

Bigarren Mailan ere finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia itxi zen atzo, Donibane Garaziko Garatenean, eta bertan Monzek 40-28 hartu zuen mendean Benesse. Irabazleak hasieratik hartu zuen aurrea, eta amaierako emaitzak adierazten duena baino alde handiagoa egon zen.