Battitta Ducassou finala jokatzetik gertu dago
DUCASSOU 40
LARRALDE 28
Battita Ducassouk hanka eta erdi dauka Berezkoen Buruz Buruko finalean. Oraindik neurketa bat geratzen da finalerdietako ligaxka amaitzeko, baina, jokatutako bi partidak irabazita, eta lortu dituen emaitzak ikusita, ia finalean dagoela esan daiteke.
Egungo bi pilotaririk onenak neurtu ziren ligaxkako finalerdietako partida honetan, eta dirua Peio Larralderen alde atera zen. Normaltzat har daiteke, bakarka azkeneko urtebetean jokatu dituen neurketetan bera atera baita garaile, baina herenegun gauean Ducassou gehiago izan zen. Ospitalen aurka erakutsi zuen bezalaxe, sekulako maila eman zuen; zalantzarik gabe, une oso onean dago. Larralde, berriz, apur bat nekatuta ikusi zen. Hamarnako berdinketatik aurrera agertu zen Ducassouren nagusitasuna; gauza guztiak ongi egin zituen eta amaieran inork uste ez zuen aldea egon zen.
Aurretik, Bigarren Mailako partida jokatu zen Arrangoitzen. Bertan, Etxegarai atera zen garaile, Benesse 40 eta 29 mendean hartuta.
Gaurko zita, Armendaritzen
Gaur emango zaio finalerdietako ligaxkako bosgarren jardunaldiari amaiera, eta partidak Armendaritzen izango dira. Lehen Mailakoan, Bilbao eta Ospital lehiatuko dira, lehen jardunaldiko bi galtzaileak. Irabazten duenak finalean sartzeko itxaropena izan dezake, baina galtzen duena aukera guztiak galduta geratuko da. Bilbao izango da irabazteko faboritoa, baina Ospital etsitzen ez duen horietakoa da.
Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta aurrena Bigarren Mailako partida jokatuko dute. Bertan, Elgart eta Monze izango dira aurrez aurre.