Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Izotz zein mistoko eskaladan muturreko jarduerak sinatu dira

Michi Wohlleben alemanak duela zortzi urte Wetterstein mendilerroan hasi zuen xedea borobiltzea erdietsi du: «Stirb langsam» (M11+, WI6+, 200 m). Bitartean, Chris Snobeck estatubatuarra «Saphira» bidearen (M15-) bigarren errepikapenarekin egin da.

Nazioartetik izotzean zein mistoan eginiko pare bat jarduera azpimarragarri iritsi zaizkigu. Lehenbizikoan, Michi Wohlleben alemana da protagonista. Alpinista honek Wetterstein mendilerroan (Tirol austriarra) “Stirb langsam” xedearen (M11+, WI6+, 200 m) lehen igoera egin du. Bigarrena, berriz, Chris Snobeck estatubatuarra da. Honek Vaileko Fang Amphitheatren (Colorado, AEB) “Saphira” marraren (M15-) bigarren errepikapena sinatu du.

Wohllebeni dagokionez, aurreratu behar dugu kosta egin zaiola esku artean zuen helburuari amaiera ematea. “Stirb langsam” bidea duela zortzi urte “jaio” zen, eta ordutik bideari puntu gorria jartzen jo eta su jardun du.

Ingurumari hartan dagoen “Seebenseefall” bidea Ehrwald kidearekin eskalatu ondoren, ohartu zen erori handia duen tarte batean balizko marra ikusgarria zegoela. Alemanak onartu duen bezalaxe, «betidanik amestu dadan bidea».

Esan dugun bezala, 2009. urtean hasi zen “lasterketa”. Wohllebenek berak onartu du bide guztia prestatzea gogorra eta zaila izan zela: «Lan horietan hainbat kidek lagundu zidaten. Eta 2013. urterako dena prest genuen. Kontuan hartu behar da arrokaren kalitatea txarra dela eta ia luze gehienek erori oso handia dutela. Horrek guztiak ‘Stirb langsam’ ekipatzea zaildu zigun».

Alpinista alemana marra berriaren lehen igoera egiteko pronto zegoen, baina hurrengo urteotako baldintzek ez zioten batere lagundu: «2014an eta 2016an apenas zuen izotzik. Eta, horrez gain, 2015ean istripu bat izan eta xede horretatik kanpo bolada batez egon nintzen. Argi neukan proiektu hori patxadaz hartu behar nuela, eta negu honetan espero nituen baldintza egokiak iritsi dira».

Alemanak, beraz, dena alde zuen: izotz ona, sasoi bikaina eta jardueran aseguratuko zuen sokakide aproposa. Pasa den urtarrilaren 18an “D eguna” iritsi zen azkenean: «Hotz handia egiteaz gain, egun horietan elurra egin zuen. Era horretan ‘Stirb langsam’ baldintza perfektuetan zegoen. Den-dena bikain atera zen. Eskalatu berri dudan xedeak mugimendu ikaragarri onak eskaintzen ditu. Eta dagoen ingurua ere ederra baino ederragoa da. Aurreratu behar dut ere eskalada hori oso psikologikoa dela, batez ere 200 metroko amildegi batean eskalatzean ari zarelako une oro. Onartu behar dut nire mugara eraman nauela».

Muturreko gradua

Bien bitartean, Snobeck estatubatuarra mistoko eskaladan dagoen zailtasun gorenarekin egin da: M15-. Hain zuzen ere, “Saphira” bidearekin. Bide hori Vaileko Fang Amphitheatre entzutetsuan dago. Stanley Vrba txekiarrak ekipatu zuen, eta, bitxia bada ere, beste txekiar batek, Lucie Hrozovak, “Saphira” bidearen lehen igoera egin zuen. Emakumezko horrek hori iaz erdietsi zuen, eta M15- gradua proposatu zuen; hots, munduan egin zen zailtasun horretako lehen proposamena. Aste batzuk geroago, Ryan Vachon estatubatuarrak lehenengo errepikapena sinatu eta Hrozovaren proposamena baieztatu zuen. Eta aurreratu dugun bezala, Snobeck hirugarren igoerarekin egin da; pasa den abenduaren 23an izan zen.

“Saphira” igo bezain laster, estatubatuarrak honako adierazpenok egin zituen: «Pozarren egoteaz gain, harrituta nago ‘Saphira’-k duen kalitatearekin. Munstro eder hau Jeff Loweren ‘Octopussy’ bidearen izotz gortina berean amaitzea ederra baino ederragoa da. Kateatze eguna berezia izan zen oso. Bidean sartu bezain laster, bihotzak egundoko abiadura hartu zuen. Zorionez, lortu nuen lasaitzea, eta, hala, mugimendu guztiak oso kontzentratuta egin nituen. 35 minutuko eskalada izan zen, eta ‘Saphira’-k dituen mugimendu estetiko ezberdinekin erabat gozatu nuen».