Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

QS itzulia abian Hawaiin eta Garazi Sanchez garaile Israelen

QS zirkuitua urtarrilean hasi bazen ere, urteko lehentxapelketa garrantzitsua orain ari dira egiten Hawaiin, Volcom Pro 2017. Beraz, mundu mailako txapelketen sasoia abian da, eta Garazi Sanchezek ezin hobeto hasi du, Israelen txapela irabazi baitu.

Volcom Pipe txapelketarekin batera, QS itzulia abian da. Ez da urteko lehena, baina bai urtea hasi ostean egiten den lehen txapelketa garrantzitsua. Puntu askoko txapelketa ez bada ere, ospe handia du eta munduko surflari ezagunenak biltzen dituen lehen lehiaketa izaten da.

Munduko urautsi ikusgarrienetako batean hasten dira mundu mailako txapelketak eta urautsi berean amaitzen da sasoia. Oraindik ere ez da amaitu Volcom Pipe 2017, baina jada sekulako ikuskizuna izan da Hawaiiko olatuetan.

Bestalde, Israelen QS txapelketa izan zen urtarrilean eta Garazi Sanchezek irabazi zuen. Iaz Euskal Herriko neskek erakutsi zuten maila altua gorantz doan adierazle garbia da.

QS zirkuitua abian

Mundu mailan lehian aritzen diren surflariek sasoi berriari ekiteko hautatzen duten lehen txapelketa da Volcom Pro 2017. Horregatik, izaten dira bertan lehen mailako (CT) zein bigarren mailako (QS) lehiakideak.

Horrez gain, urteko seigarren txapelketa da eta puntu asko eskaintzen ez dituen arren (3.000 puntu), garrantzitsua da, aurrekoak 1.000 puntuko txapelketak baitira, Israelen egiten dena salbu (1.5000 puntu).

Guztira 55 txapelketa izango dira mutilen QS itzulian, eta, neskenean, berriz, 38, tartean apirilean Zarautzen egingo den 1.000 puntuko txapelketa. Mutilen kasuan, gainera, badira txapelketa bereziak 10.000 puntukoak, lehen “Prime” izenez ezagutzen zirenak; aurten horrelako bost txapelketa izango dira. Nesken kategorian, ordea, gehienez 6.000 puntuko txapelketak izan daitezke eta maila horretako zazpi lehiaketa izango dituzte 2017an.

CT zirkuituak txapelketa gutxiago izaten ditu eta geroago hasten da. Martxoan ematen zaio hasiera bai mutilen, zein nesken itzuliari, Gold Coasten (Australia). Aurtengoan 11 izango dira lehen mailako mutilek egingo dituzten txapelketak, eta, neskek, berriz, hamar.

Volcom Pro 2017

Itsaski sendo bat zetorrela eta, pare bat egun geroago hastea erabaki zuten antolatzaileek eta otsailaren 2an hasi zen lehiaketa. Hondar bankuak apur bat mugituak zeuden, beraz, baldintza zailak ziren, olatu batzuek ez baitzuten ihesbiderik ematen. Halako kasuetan muturreko egoerak ematen dira, edo oso gaizki aritzen dira surflariak, edo sekulako puntuazioa lortzen dute.

Olatuak handiak ziren, lau metrokoak, eta erorketa arriskutsuak izan ziren lehen egunetan, baina ikuskizuna ere sekulakoa izan zen. Zeresan handia eman zuen lehiakideetako bat Wyatt McHale izan zen. 15 urte baino ez dituen surflari hawaiiarra hirugarren errondan kaleratu zuten, baina adin horrekin halako baldintza gogorretan aritzeko erakutsi zuen abilezia eta ausardiak txundituta utzi zituen bere arerioak.

Aritz Aranburu ere Pipelinen da eta atzo laugarren txandan zen. 11 orduko diferentzia dago Hawaiiren eta Euskal Herriaren artean, beraz, bart gauean txapelketa egin baldin bada posible da zarauztarrak bosgarren txandarako pasea eskuratu izana. Edonola ere, orain artean lortutako emaitzak oso onak dira, kontuan hartu behar baita munduko surflari onenekin lehian ari dela.

Volcom Pro oraindik ez da amaitu eta azken emaitzak asteak aurrera egin ahala jakingo dira. Datozen egunetarako itsaski sendoak espero dira, hortaz, orain artean bezala, itzelezko ikuskizuna espero da.

Garaiz Sanchez txapeldun

Nesken QS zirkuitua ere martxan da eta urteko bigarren txapelketa Israelen izan zen, SEAT Pro Netanya, urtarrilaren 19tik 28ra bitartean. Euskal Herriko surflariak ere han izan ziren eta nesken kategorian itzelezko emaitzak lortuz gainera.

Ainara Aymat zarauztarra eta Algortako Garazi Sanchez finalerdietara iritsi ziren, baina finalera iristeko elkar lehiatu behar izan zuten. Buruz buru aritu ziren metro bateko olatu narrasetan eta biek lortu zituzten puntuazio onak, baina batek pasa behar eta bizkaitarra izan zen gailendu zena.

Finalean Marissa Shaw izan zuen arerio Sanchezek eta aise gainditu zuen. Australiarrak 10,33 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin; euskaldunak, ostera, 12,37 puntu.

Garaipen honi esker, egun Macy Callaghan australiarra buru den nesken QS rankingean, bigarren postuan jartzea lortu du Sanchezek. Urte amaieran rankingeko lehen postuetan aurkitzen bada, datorren urterako lehen mailan lehiatzeko pasea eskura dezake, baina oraindik oso goiz da ezer iragartzeko.

Honi buruzko guztia: Surf