Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Stefano Ghisolfik «First round first minute»eskalatu berri du

Pasa den urtarrilaren 30ean, eskalatzaile italiarrak Margalefen dagoen marra horren hirugarren errepikapena egin zuen. 9b zailtasuneko bere bigarren marra da; lehena, «Lapsus» izan zen.

Azken urteotan gertatzen ari den bezala, aurtengo neguan ere muturreko bideak dituzten Kataluniako eskalada eskolek nazioarteko eskalatzaile sasoikoenen bisita jaso dute. Bisitari horietako bat Stefano Ghisolfi da. Italiarrak, gainera, momentuz “izar” bat poltsikoratu du: Margalefen dagoen “First round first minute”.

Chris Sharmak ekipatutako bide bat da, eta estatubatuarra izan zen marrari puntu gorria jarri ziona. Ondoren, Adam Ondraren eta Alex Megosen errepikapenak iritsi ziren. Eta izen handi horien artean Ghisolfik muturra sartu du, Margalefeko muturreko bide horren laugarren igoera egin eta gero.

Duela pare bat urte, italiarra “First round first minute” probatzen hasi zen, eta, hiru asteko saioak egin ondoren, pasa den urtarrilaren 30ean, kateatzea lortu zuen. Aipatu behar da Ghisolfi Kataluniara indartsu iritsi zela; izan ere, Terradetsen “Definicion de resistencia democrata” (9a), Olianan bere lehen 8c bistan (“Fish eye”) eta Margalefen ere “First ley” (9a+) egin ditu.

Aipatu behar dugu, halaber, protagonista honen bigarren 9b dela; izan ere, 2015. urteko azaroan “Lapsus”-en (Andonno, Italia) lehen igoera egin zuen. Marra horrek oraindik ez du errepikapenik jaso.

Laugarrena

Margalefen dauden muturreko bide guztiak bezala, “First round first minute” ere ez da luzea (25 mugimendu) eta erori handia du. Eskalatzaile indartsuenek diote munduko biderik gogorrenetarikoa dela.

Ghisolfik esan du xedean eginiko saioetan denetarik pasatu duela: «Hatz batean ebaki bat izan nuen, baina, zorionez, kateatze egunean ez zidan arazo handirik eman. Argi neukan ‘First round first minute’ egiteko gai nintzela; azken mugimenduan erortzen nintzen. Bestalde, eguraldiarekin pixka bat larritu nintzen, euria iragartzen zutelako. Zorionez, egun batean baino ez zuen euria egin».

9b gradua duen bide hori pixka bat lehortu zenean, eskalatzaile italiarrak azken saioari ekin zion: «Aitortu behar dut baldintzak ez zirela egokienak. Hezetasuna zuen, eta hainbat helduleku lehortu behar izan nituen. Baldintza horiekin soka katetik pasatu arte ez nuen batere argi izan. Jakin badakit, marra hori nire mugan zegoela, baina denbora neraman probatzen eta bidearen mugimendu zein sekuentzia guztiak menderatuta nituen».