GARA
GASTEIZ

De Andresek guardia zibil gehiago nahi ditu, Europako ratio altuena izan arren

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dagoen guardia zibil kopurua handitu egin beharko litzatekeela adierazi zuen atzo Javier De Andresek, espainiar Gobernuaren EAEko ordezkariak, nahiz eta Europako polizia ratiorik handiena duen Hego Euskal Herriak. Argudio gisa, Guardia Zibilak herritarrei «segurtasuna eta babesa» eskaintzen dizkiela nabarmendu zuen Arabako ahaldun nagusi ohiak.

Zehazki, institutu armatuaren jardunak herritarrak delituetatik babesten dituela esan zuen eta euren eskubideak askatasunez garatzea bermatzen duela gaineratu zuen.

De Andresen ustez, Guardia Zibilak EAEn duen presentzia ez da nahikoa eta Estatu espainiarrarekin alderatuz desoreka dagoela gaineratu zuen. «Gaur egun ez da plantillaren osotasuna bermatzen EAEn», aipatu zuen. Azaldu zuenez, izan litezkeen bajen berritzerik ez da egon.

Zentzu horretan, EH Bilduk eta EAJk Guardia Zibila erretiratzeko egindako eskaeren harira, guardia zibil kopurua murriztu baino polizia gehiago behar direla esan zuen. Bere iritziz, EH Bilduren «ezinikusia» irizpide subjektiboetan oinarrituta dago eta ez ditu kontuan hartzen «euskal gizartearen segurtasun beharrak».

Lakuako Gobernuak ere eskatu izan du Estatuko segurtasun indarren gutxitzea eta hori ere kritikatu zuen De Andresek. Eskaera horren atzean Guardia Zibilak egiten duen lanaren gaineko «ezjakintasuna» dagoela iritzi zion Gobernu espainoleko ordezkariak.

6,8 agente 1.000 biztanleko

Eskuragarri dauden azken datuen arabera, Hego Euskal Heriak Europako polizia ratiorik altuena du. Hain zuzen ere, EAEn 6,8 polizia daude 1.000 biztanleko. Europako adierazpideek diotenez, 1.000 biztanleko bi polizia izatea da ratio egokia.

Estatu espainiarreko indar armatuen murrizketa edo erretiratzea eskatzeko garaian, neurrigabekeria hori agerian uzten duten datu ezberdinak jarri izan ditu mahai gainean EH Bilduk.

Europako polizia ratiorik handiena izateaz gain, urtean 4.000 kontrol eta 50.000 bat lagun identifikatu egiten dituzte, esate baterako.