Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Hauteskundeetarako atzerako kontaketa laster jarriko dute martxan

Hauteskunde batzorde juridikoak prozesua eta egutegia datorren astean jakinarazteko asmoa dauka.

Maiatzean hauteskundeak izango direla giroan agerikoa bada ere, orain arte ez dute urrats ofizial publikorik egin. Laster amaituko da, hala ere, itxaronaldia. Otsailean –baliteke datorren astean bertan izatea–, prozesuaren eta egutegiaren berri emango du Eibarrek eta, hurrengo egunetan, kontseilariek ere euren asmoak plazaratuko dituzte.

Mikel Larrañaga presidenteordeak gogorarazi duenez, «klubean ez ditugu inoiz hauteskundeak izan». Kirol kluba zela, baina baita ere 1992. urtean kirol elkarte anonimo bilakatu zenetik, Eibar gobernatzeak ez du desirarik piztu izan eta jarraierak ezaugarritu ditu zuzendaritza batzordeen arteko erreleboak. Gauzak aldatu egin dira azken aldi honetan, batez ere Alex Aranzabalek administrazio kontseilua utzi zuenetik, eta badirudi elkartearen inguruan sumatzen diren kontrako korronte biak hauteskundeetan lehiatuko direla. Jokaleku berria, beraz, Eibar «arreta handiz» prestatzen ari dena, Larrañagaren esanetan. Izan ere, eta «estatutuak zorrotzegiak ez direnez kasu honetan», kluba inguruko taldeekin lanean aritu da –Reala, besteak beste–, honelako prozesuei nola ekin dieten jakiteko. Administrazio kontseiluko bi abokatuek (Juami Fiallegas eta Jon Ander Ulazia) osatutako hauteskunde batzorde juridikoak eta Patricia Rodriguez zuzendari kudeatzaileak dihardute eginkizun horretan, «gauzak oso ondo egin nahi ditugulako, batez ere prozesua guztiz aseptiko eta neutrala izan dadin eta berme guztiak ziurtatu ditzan». Batzorde hori bere lana amaitzen ari da eta klubaren asmoa prozesuaren xehetasun guztiak lehen baino lehen kaleratzea da, baliteke hurrengo astean bertan izatea.

Behin arau, baldintza eta egutegia ezagututa, urrats bat aurrera egiteko unea helduko zaie hautagaiei –epea, legez, hauteskundeen egunean bertan amaituko bada ere–. Joan den astean, Amaia Gorostiza presidenteak adierazi zuenaren arabera, administrazio kontseiluko kideek «hausnarketa pertsonala» egiteko unea da. Larrañagak ez dio data zehatzik jartzen epe horren amaierari, baina onartzen du kontseilariek beren erabakia hauteskunde batzorde juridikoak prozeduraren xehetasunak plazaratu eta gutxira jakinarazi beharko luketela.

Hauteskundeetara aurkeztu ala ez, zuzendaritzak badauka zereginik hurrengo hilabeteotan, denboraldi amaierarako amaituta edo, gutxienez, guztiz bideratuta egon beharko liratekeen proiektuak daude-eta. Azpiegiturei dagokienez, ekialde eta mendebaldeko lanak –kirol hiriaren proiektua, neurri ikaragarria izanez, askoz motelago doa–; eta kirol arloan, taldearen eta, batez ere, taldeko arduradunen etorkizuna argitzea.

Zupiriaren bisita

Lanekin lotu daiteke Bingen Zupiriak Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Redondo Kirol eta Gaztedi zuzendariak Eibarko buruzagiekin Ipuruan izandako bilera. Ofizialki, kargura iritsi berri den sailburuarekin lehen kontaktu bat egiteko bisita. Eta, izan ere, bilerak ez zuen emaitza zehatzik eskaini, klubaren eta Lakuaren arteko harremanak onak direla egiaztatzetik harago. Eibarren, hala ere, Gasteizko Gobernuaren laguntza izango dutela espero dute –batez ere haren lehen baldintza, Foru Aldundiaren eta Udalaren inplikazioa, bete delako–, aurreko legealditik eginda daukaten eskaerak oraindik gustuko erantzunik jaso ez badu ere. «Instalazioak erakutsi dizkiogu –adierazi du Larrañagak–, proiektuak azaldu, hiria, kluba eta gure idiosinkrasia azaldu, kirolaz gain Jaurlaritzarekin hainbat esparru konpartitzen dugula ohartarazi, Foru Aldundiarekin gertatzen zaigun bezala... Pozik amaitu dugu, giro onean joan da bisita, harremanak oso onak dira».

Harreman horiek dirutan islatzen badira, Eibarrek badauka zertan inbertitu. Hasteko, Ekialdeko Harmailaren amaiera –erabilerak definituta daude baina espazioak oraindik zehaztu barik– eta mendebaldeko harmailaren konponketa. Gainerakoetan baino lan apalagoak egingo dira, baina klubean onartzen dute «orain daukan egoera ez dela bidezkoa». Bertan esertzen diren bazkideen aldetik kexa ugari dago, «eta arrazoi osoa dute», onartzen du presidenteordeak. Eta hain zuzen ere, haien iradokizunak jasotzen ari dira, ahal den neurrian erantzuteko denboraldia amaitu eta gero egingo diren konponketa lanen bidez.

Data zehatzik ez dago, berriz, kirol hiriarentzat. «Badauzkagu eskaintzak, aukerak, kostu batzuk... eta batez ere, zer nahi dugun, baina oraindik ez dago ezer zehatzik», dio Larrañagak. Eta antzeko zeozer esan daiteke Fran Garagarzaren eta Jose Luis Mendilibarren etorkizunari buruz: alde biak oso gustura daude, baina inork ez du urratsa aurrera egin harremana luzatzeko.

Hiruzpalau asteko epea jarri diote Galvezi berriro jokatu ahal izateko

Alex Galvezek zentimetro bateko haustura dauka eskuineko bizeps femoralean, atzo egin zioten proben arabera. Hiruzpalau aste beharko ditu, sendagileen ustetan, berriro jokatu ahal izateko.

Atzelariaz gain, Kikek, Juncak eta Riesgok ere harmailetatik ikusi beharko dute Granadaren aurkako partida. Zalantzan daude oraindik Luna eta Nano, baina baliteke taldea atzo prestatzen hasi zen neurketa horretan parte hartu ahal izatea.

A.U.L.

Honi buruzko guztia: EIBAR