A.A.
Arrauna

Hibaika eta Hondarribia izan dira azkarrenak Oriaren Jaitsieran

Tenperatu fresko samarrarekin baina arraun giro ederrean jokatu zen atzo arratsaldean 23. Oriaren Jaitsiera, 77 ontzi –azkenean Alacant ez zen irten gizonezkoen mailan– eta mila arraunlari inguruko parte-hartze apartarekin. Eta emaitzei dagokienez, emakumezkoetan Hibaika izan zen azkarrena eta gizonezkoetan Hondarribia.

Nesken mailan, lehia oso estua izan zen Errenteriako traineruaren eta Pasai Donibanekoaren artean. Azkenean garaipena aurrenekoentzat izan zen 47 ehunenekoren alde deusezarekin, eta III. Babyauto Ikurrina orain gutxi hil den Sabino Etxabeguren klubeko kide estimatuari eskaini ahal izan zioten.

Gizonezkoetan, aldiz, Hondarribiak aurten ere sekulako maila izango duela argi utzi zuen, Oriori ia 15 segundo sartuta eta Bermeori hiru gehiago. Aipagarria, Donostiarraren bosgarren postua. KAE Ligako ontzi indartsuena izan zen eta San Pedrori aurrea hartu zion.