GARA
DONOSTIA

Hego haize zoroak kalte ugari eragin ditu, baina ez da inor zauritu

152 kilometro ordurainoko ziztua hartu zuen haizeak atzo, eta bazter guztiak astindu zituen, etxeetako argindarretik hasi eta hegazkinetaraino, trenbide, errepide sare eta herrietatik pasatuta. Bide ugari moztu behar izan bazituzten ere, inork ez zuen minik hartu.

Haize ufada indartsuak izan ziren aste hasierako protagonista Euskal Herrian. Hainbat arazo eragin zuen hego haize eroak errepidean, trenbidean, elektrizitate sarean zein hegaldietan. 152 kilometro orduko ziztua hartu zuen haizeak Urduñan; 130 km-koa, Iturrietan eta Kapilduin; eta 122koa, Arrasaten. Hainbat puntutan neurtu zituzten 100 kilometro orduko ufadak. Goizak aurrera egin ahala baretzen joan zen egoera. Hortaz, Lakuak alerta laranja eten eta abisu horia ezarri zuen eguerdira arte.

Tebasen eta Agurainen kamioi bana bota zuen haizeak. Bidea moztu behar izan zuten arren, ez zen inor zauritu. Horren ondotik kamioiei Araba eta Nafarroa arteko A-1 errepidean ibiltzea debekatu zieten.

Zuhaitz erorien eta kamioien txapa metalikoen ondorioz ere moztu behar izan zituzten errepide batzuk. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Berrizen eta Deban arazoak izan ziren, errepide erdira eroritako zuhaitzak zirela medio. Otxandion ere bai. Txapa metaliko bat ere erori zen N-1 errepidean.

Trenen martxa ere oztopatu zuen haizete bortitzak, bi zuhaitz handi erori ziren-eta Zegama eta Altsasu arteko trenbidean. 07.50 aldera trenbidea itxi eta autobusez mugitu zituzten bidaiariak. Adif konpainiak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, trenbideetako bat 15.45ean ireki zuten berriz. Langileek ahaleginean segitzen zuten arratsaldean beste bidea zabaltzeko. Bitartean trenak txandaka pasatu ziren bi norabideetan trenbide bakarretik.

Bestalde, Loiura zihoan Air Francen hegaldi bat Biarritzera desbideratu zuten.

Burguko Gazeta auzoan elizako teilatuaren zati bat mugitu zuen haizeak; inork ez zuen minik hartu, ordea. Arabako suhiltzaileek 50 esku hartze garrantzitsutik gora egin zituztela agertu zuen Aldundiak. Esplikatu zuenez, Lautadan izan ziren kalterik handienak. Suhiltzaileen zuzendaritzak Aguraingo parkea 24 orduz irekita izatea erabaki zuen. Gasteiz, Aiara eta Guardian lanean izan ziren, baita Espejon eta Kanpezun ere.

Nafarroan ere suhiltzaileek, foruzainek eta udaltzainek 100 irteera inguru egin behar izan zituzten haizeteak sortutako kalteen ondorioz (mugitutako teilak, kartelak eta txapak, baita zuhaitzak eta adarrak ere). Baina, erran zutenez, ez zen zauriturik izan.

Milaka familia argirik gabe

Iberdrolak azaldu zuenez, 4.000 familia argirik gabe gelditu ziren igande gauean eta atzo goizeko lehen orduetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 120 langile inguru ibili ziren lanean goizetik, batez ere Araban gertatu ziren kalteak konpontzen.

Haizearen ondorioz adarrak erori ziren elektrizitate kableen gainera. Horrek, beste arazo batzuekin batera, argirik gabe utzi zuen hainbat bezero.

Basaurin, Soloarteko haur parkea itxi zuten aterpearen zati bat erori zelako. Plaka batzuk kolunpioen gainera erori ziren, Udalak jakinarazi zuenez. Momentu horretan parkea hutsik zegoenez, ez zen inor zauritu.