GARA
DONOSTIA

Iñaki Arakamaren senide eta lagunek ere auto istripua izan dute

Sevillako espetxean bisita egin eta gero Euskal Herrirantz bueltan zirela istripua izan zuten Iñaki Arakama euskal preso politikoaren familiako eta lagunek. Honekin, bi izan dira joan den asteburuan senideek kartzela urrunetarako bidean izan dituzten ezbeharrak.

Etxetik 882 kilometrora preso dagoen Arakamaren iloba, bere mutil-laguna eta hirugarren lagun bat zihoazen autoan istripua gertatu zenean. Salamancan izan zen, Bejarren, 18.00etan, bisita egin eta bueltako bidaian, Etxeratek jakinarazi zuenez.

Elkarteak kontatu zuenez, autobidean txakur bat harrapatu ondoren, bolante-kolpeak jo behar izan zituzten ibilgailua bidetik ez ateratzearren eta, azkenik, hesia jo ostean ibilgailua gelditzea lortu zuten.

Kolpe-leungailuak eta ezkerreko argiak apurtu zitzaizkien. Hala eta guztiz ere, etxerako bidaiarekin segitu ahal izan zuten jarraian.

Premin Sanpedroren familia

Bi izan dira, beraz, asteburuan euskal presoen senideek izandako auto istripuak. Jaengo espetxean dagoen Premin Sanpedroren bi anaia eta gurasoek ezbeharra izan zuten autoan, Jaenera, 800 kilometrora, bisita egitera zihoazela.

Etxeratek azaldu zuenez, Aranda de Duerotik hurbil gertatu zen. Aurretik zihoan kamioiaren gurpila lehertu eta honen aurka talka egin zuten autoarekin. Autoak kalte arinak izan zituen eta bideari ekin ahal izan zioten berriro.

Etxeratek, ohar baten bidez, «urteko lehendabiziko istripua» gaitzetsi zuen. «Presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren bidaia luze bezain arriskutsuak egitera behartuta» izaten direla nabarmendu zuen. Eta dispertsioak dagoeneko ehunka istripu eta 16 hildako utzi dituela gogoratu zuen.